Arabako espoliazio arkeologikoaren kontrako beste operazio bat burutu du Ertzaintzak

0

Ertzaintzak “Burdin” izeneko beste polizia-jarduketa bat burutu du Arabako espoliazio arkeologikoaren kontra. Operazioan bi pertsona ikertu dituzte Euskadiko Kultura Ondasunaren kontrako delitu bat leporatuta, garai ezberdinetako metalezko aztarna arkeologiko ugari berreskuratu dituzte eta ikertuek aztarnak aurkitzeko ustez erabiltzen zuten metal-detektagailu bat atzeman dute.

Ikerketari 2020ko ekainean eman zitzaion hasiera, hainbat udaletako ordezkariek, Arabako Foru Aldundiak, arkeologo profesionalek eta Ertzaintzako agenteek egin zuten bilera baten ondoren. Bilera hartan Arabako hainbat aztarnategitan aztarna historikoetan sumatutako kalteen eta lapurreten arazo larriaz hitz egin zuten. Bilera haren ostean, Arabako Foru Aldundiak hainbat salaketa jarri zituen aztarnategi batzuetako, besteak beste, Iruña-Veleiako, espoliazio arkeologikoagatik.

Gertaerak konplexuak eta larriak zirenez, salaketen kargu Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusia, zehazki Ingurumenaren eta Hirigintzaren eta Ondarearen ataletako agenteak, Kultura Ondarearen aurkako delituak ikertzen adituak direnak, egin ziren.

Oraingo operaziori “Burdin” izena jarri diote, eta ikerketei 2020ko azaroan eman zitzaien hasiera, pertsona batek 112ra deitu zuenean bi pertsona Iruña-Veleiako aztarnategian kata klandestino bat egiten ari zirela esanez. Abisu haren ostean, Gasteizko Ertzain-etxeko agenteek susmagarrietako bat identifikatu zuten.

Atal Nagusiak egindako ikerketei esker Gasteizen bizi ziren eta ustez aztarnategi arkeologikoak, horien artean, Iruña-Veleiakoa, Arkaiakoa eta beste batzuk, etengabe espoliatzen zituzten bi pertsona identifikatu ahal izan zituzten. Bi pertsona horiek metal-detektagailu bat pasatzen zuten intereseko lekuetatik, palak eta aitzurrak erabiliz eta metodologia arkeologikorik jarraitu gabe kata klandestinoak egin ondoren. Horrela, aurkitzen zituzten metalezko hondar guztiak hartzen zituzten, ingurune arkeologikoetan kalteak eginez eta hondarrekin erlazionatutako informazio zientifikoa betiko galtzea eraginez.

Egoera horren aurrean, Ertzaintzako Atal Nagusiak, Arabako Ikerketako Lurralde Zerbitzuaren, Gasteizko Ertzain-etxearen eta Arabako Foru Aldundiko Arkeologia Museoaren laguntzaz, polizia-operatibo bat prestatu zuen. Operatiboaren ondorioz, 2021eko otsailaren 13an bi pertsona horiek ikerketapean jarri zituzten, detektagailua konfiskatu zuten eta metalezko aztarna ugari, besteak beste, garai ezberdinetako tresnak eta erremintak, txanponak, balak eta iltzeak berreskuratu zituzten.

Eginbideak eta ebidentziak Gasteizko Instrukzioko 4. Epaitegira bidaliko dituzte, hura arduratzen baita ikerketez, eta atzemandako aztarnak Arabako Arkeologia Museora igorriko dituzte dagokion peritu-txostena egin dezan eta horien jatorrizko aztarnategiak zein diren zehaztu dezan.

“Ondare” operazioaren aurrekaria
Ertzaintzak ondare arkeologikoa babesteko egindako azken esku-hartze honek gertuko aurrekari bat du. Lehenengo emaitza “Ondare” izeneko operazioa izan zen, 2020ko abenduan burutu zena. Operazio horretan Ertzaintzak egoitza Agurainen zuen eta Euskadiko eta Nafarroako haitzuloak eta aztarnategiak etengabe espoliatzen zituen talde kriminal bat desegin zuen. Operazio hartan agenteek legez kanpoko 20.000 aztarna arkeologiko inguru (litikoak, hezurrak eta zeramika-zatiak) atzeman zituzten taldeko kideetako baten etxean.

Ertzaintzatik gogorarazten dute Euskadiko Kultura Ondarearen Legeak debekatu egiten duela Foru Aldundiaren baimenik gabeko edozein esku-hartze arkeologiko, bai eta aztarnategietan metal-detektagailuak erabiltzea ere, eta eskatzen du, susmo txikiren bat izanez gero, 112ra deitzeko eta halako egoren berri emateko. Azkenik, gogorarazten da partikular batek aztarna arkeologikoak halabeharrez aurkitzen baditu, ez dituela jaso behar, berehala eman behar diola aurkikuntzaren berri udalari edo foru-aldundiari, behar bezala jaso ahal izan ditzaten.