Euskadiko alokairuko parke publikoak 25.800 etxebizitza baino gehiago ditu

0
PRUEBA

Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuko etxebizitzen parke publikoak 2020rako zuen helburua gainditu du, eta helburu horretarako jada 25.823 etxebizitza dituela azaldu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak Eusko Legebiltzarrean. Legebiltzarraren Kontroleko Bilkuraren saioan, Arriolak azken Etxebizitzaren Gida Planaren (2018-2020) ebaluazioaren emaitza nagusiak zerrendatu ditu. Emaitza horien artean, besteak beste, azpimarratzekoa da 6.137 familiek etxebizitzarako eskubide subjektiboa eta 29.160 etxebizitzek birgaitzeko laguntza jaso dutela azken hiru urteetan.

Plana Etxebizitzari buruzko 2015eko Legea praktikan jartzeko ibilbide-orria da. Bertan, etxebizitza baterako eskubide subjektiboa aitortzen da. Babes sozial horrek, kasuen bi herenetan, familia horiei lehentasuna ematea ekarri du alokairuko etxebizitzen esleipenean. Babes hori eskubide subjektiboari erantzuteko Legean ezarritako tresna nagusia da. Beste 1.134 familiek Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) jaso dute eta 32.736 lagunek Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EGPO). Guztira 33.870 familiek jaso zituzten bi laguntza horiek 2020an (helburuak gainditu dira, % 118 betez). 2018-2020 hirurtekoan, etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatzeko ordaindutako alokairu-prestazioak 238,4 milioi eurotara heldu dira.

Alokairuko parke publiko gehiago
Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuko etxebizitza publikoen kopurua hazi egin da, egun dauden 25.823 etxebizitzetara heldu arte, Etxebizitzaren Gida Planean planteatutako 22.000ko kopuruaren oso gainetik. Horietatik 14.981 Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu Alokabide sozietate publikoaren bitartez.

Gainera, 2018-2020 aldian, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuko 2.053 etxebizitza babestu eraikitzen hasi dira. Eta, konfinamenduan zehar obrak aldi baterako eteteak beherakada eragin arren, bai Sailak (% 97ko betetzea eta 753 etxebizitza) bai Visesak (% 102ko betetzea eta 1.126 etxebizitza) aurrez ezarritako helburuak bete dituzte.

Espainia osoan alokatzeko etxebizitza babestuaren eraikuntzaren testuinguruan —Espainian, 2014 eta 2020 urteen artean, mota horretako 8.298 etxebizitza eraikitzen hasi dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren datuen arabera—, Euskal Autonomia da gehien bultzatu duen bigarren erkidegoa, biztanleen kopuruan hirukoizten gaituen Madrilen atzetik bakarrik. Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoan Estatu osoko % 29 aurkitzen da, Estatuko biztanle guztien % 4,7 hartzen duen erkidegoa dela kontuan hartuz. 1.000 etxebizitza nagusi bakoitzeko, eraikitzen hasitako 2,6 etxebizitza babestuko tasa du; gainerako erkidegoen oso gainetik. Nafarroa bigarren postuan dago 1,8ko tasarekin. 2018 eta 2020 artean, Sailak eta Visesak 226 milioi euro bideratu dituzte etxebizitzen eraikuntzara. Gainera, Sailak beste 116 milioi euro bideratu ditu jada eraikita zeuden etxebizitzen erosketa zuzenak finantzatzeko, eta alokairuko etxebizitza babestuak sustatzeko asmoz ekimen publiko eta pribatuari dirulaguntza emateko.

“Alokairuko etxebizitza publikoen parke sendo batekin bakarrik egin diezaiekegu aurre herritarren etxebizitza-beharrei”, azpimarratu du Arriola sailburuak, “urteetan zehar egindako ahaleginaren eta lan iraunkorraren bidez baino ezin da halakorik lortu” gaineratuz. Sailburuak azpimarratu duenez, Sailak sendotuko duen alderdietako bat sektore pribatuarekin eta tokiko erakundeekin elkarlana izango da, hauek sustatutako alokairuko etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzeko. Horren haritik, bizigarritasun-dekretua edo prezio publikoen agindua eguneratzea bezalako tresnek sektore hori sustatzen lagundu dezaketela iragarri du.

Parke pribatuko 6.400 etxebizitza alokairu sozialerako
Etxebizitzari buruzko Legea garatzeko urratsak —adibidez, etxebizitza hutsari buruzko dekretua— emango diren urtean, sailburuak azpimarratu du Bizigune programak —etxebizitzaren parke pribatua mugiarazteko eta alokairu babestura bideratzeko— bere helburuak gainditu dituela, jabeek alokairu sozialerako eskuragarri jarri dituzten parke pribatuko 6.451 etxebizitzako zorroa osatuz. Programa sortu zenetik kopuru handiena 2020an erregistratu zen, 447 etxebizitza gehiago barne hartuz (% 7,4ko gehikuntza).

Biziguneren bitartez, 2020an, maizterrek ordaindutako batez besteko alokairu-errenta 236 eurokoa izan zen, eta jabeek jasotakoa 520 eurokoa. Sailak 114 milioi euro jarri zituen programa honetarako 2018-2020 hirurtekoan, etxebizitza mobilizatu bakoitzeko 4.732 euro batez beste. ASAP programak 313 etxebizitza ditu eta gehiengo izatetik urrun dago (hasierako helburuaren % 34ra baino ez da iristen); Gaztelagunek —gazteen emantzipazioa babesteko laguntza—, berriz, 2021eko otsailean, onartutako 2.100 laguntza erregistratu zituen. Baliabide hori beste batzuekin uztartzen da, adibidez, zuzkidura-bizitokiekin —aldi baterako errentamendu-espazioak, zeinen esleipenean Euskal Autonomia Erkidegoko gazteak lehenesten diren—. 2019-2020 biurtekoan Etxebizitza Sailak 4 milioi euro baino pixka bat gehiago bideratu ditu Gaztelagun programako gazteei alokairurako prestazioak ordaintzeko.

Birgaitzea, koronabirusaren ondorioz moteldu egin da 2020an
2020an pandemiaren ondorioek planaren jarduketetan eragin zuzena izan duten arren, planaren “betetze-maila handia” azpimarratu du sailburuak. Hala gertatu da birgaitzearen —COVID-19aren ziurgabetasun ekonomikoak gehien eragin duen Etxebizitzaren Gida Planeko atala— kasuan. Testuinguru horren ondorioz, familia askok aurreikusita zituzten obrak atzeratu egin dituzte laguntzak onartuta zituzten arren.

Dena den, 2018ko eta 2019ko ekitaldietako emaitza onen ondorioz, aurreikusitako helburuaren % 93 lortu da, eta guztira 29.160 etxebizitzek laguntza hori jaso dute; 2020an, etxebizitza bakoitzak, batez beste, 1.715 euroko dirulaguntza jaso du birgaitze bakanduetan eta 3.302 euro integratuetan; beste urte batzuekin alderatuta, batez besteko zenbatekoak % 5 eta % 10 igo dira, hurrenez hurren. Laguntzen % 57,7 Bizkaian, % 27,1 Gipuzkoan eta % 15,3 Araban eman dituzte.

2018-2020 hirurtekoan, Etxebizitza Sailak birgaitzeko 77,4 milioi euroko balioa duten laguntzak eman ditu, eta familiek eta etxeek 1.302 milioi euroko inbertsio pribatua mugitu dute guztira. Helburuen % 86 lortu da birgaitze eraginkorrari laguntzeko —6.880 etxebizitza hiru urtetan— eta % 93 irisgarritasun unibertsala sustatzeko jarduketetan —393 etxebizitza—.