Itxitik proiektuaren liburua argitaratu dute

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Itxitik proiektuaren liburua aurkeztu du: “Harrigarri eta Miragarri. Jostailuzko Entziklopedia Ilustratua”. Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalaren eskutik gauzatu eta Media Vaca argitaletxeak artistikoki zuzendu duen proiektua pandemiaren garaian Euskadiko kultura- eta sorkuntza-sektorea egituratzeko eta bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratutako liburua da eta guztira 20 ilustratzaileren 40 ilustrazio biltzen ditu.

Bilboko Azkuna Zentroan egin den aurkezpenean parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Elisabeth Pérez ilustratzaileak eta Euskal Irudigileak-Euskadi Ilustratzaileen Elkarte profesionaleko kideak eta Media Vaca argitaletxeko Begoña Lobok. Liburuko testuen itzulpenean Etxepare Euskal Institutuak ere parte hartu du elkarlanean.

Prentsaurrekoan Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu duenez, «pandemiak Ilustratzaileen sare profesionala galtzeko arrisku larria planteatzen zuen, tokiko eta nazioarteko merkatuan gero eta ezagunagoa dena. Guri, erakundeetatik, eta nire kasuan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik mehatxu hori arintzen saiatzea zegokigun. Lehenik eta behin, kulturako profesionalei laguntza ekonomiko zuzena emateko neurriekin. Baina baita enkargu publikoa bultzatuz ere, erakundeetatik, ahal den neurrian, sormen- eta kultura-jarduerari eutsiz». Zupiriak gaineratu du hor sortu zela liburu honen ideia, eta emaitza «Euskadiko ilustrazioko profesionalen ehunaren erakusgarri» dela. “Gure profesionalen sormenerako leihoa eta haien aniztasunaren eta kalitatearen erakusgarri «.

Bestalde, ilustratzaileen elkartetik Elisabeth Pérez-ek eskerrak eman dizkie «proiektuan parte hartu duten egile guztiei, egindako ahalegin handiagatik, nahiz eta beren lana egiteko baldintza hain zailak izan», eta elkarteak «ilustratzaileen lanbidea duintzeko eta profesionalen sare bat ikusarazteko» egiten duen lana azpimarratu du. Media Vaca argitaletxetik Begoña Lobok azpimarratu duenez, «liburu kolektiboa da, eta jakintza apetatsuen entziklopedia baten forma eman diogu. Pandemiaren ondorioz beren etxebizitzetan sartuta zeuden ilustratzaileen lanak erakusten ditu. Parte-hartzaile bakoitzari bi albiste bitxi aukeratzeko eskatu zitzaion, bere ustez erakargarrienak eta bere interes pertsonaletatik hurbilenak zirenak, eta testu labur bat idazteko bere ilustrazioekin batera. Liburuak informazioa eta entretenimendua uztartzen ditu: jostailuzko entziklopedia bat da koronabirus garaian «.

 Galderak eta erantzunak

 Liburuko irudi bakoitzak gai bat lantzen du. “Ba al zenekien… “ hasita, harridura sortu nahi duten galderak planteatu eta erantzunak ematen ditu entziklopedia berezi honek. Zientzia, teknologia, feminismoa, historia edo psikologia arloko gai eta bitxikeriak azaltzen dira liburuan. Entziklopedia honek gure sortzaileen begirada mundura zabaldu eta kuriositatea esnatzeko asmoa du.  Liburua, gainera, baliagarria izango da Euskadin egiten den ilustrazioaren katalogo eta aurkezpen gisa. Liburua euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da, Euskadin zein Espainiako Estatuan banatuko da, eta liburuaren eta ilustrazioaren eremuko azoka profesionaletan aurkeztuko da, hala nola Bolonian, Frankfurten eta Guadalajaran.

Honako hauek dira “Harrigarri eta Miragarri. Jostailuzko Entziklopedia Ilustratua” izeneko liburu honetan parte hartzen duten ilustratzaileak: Ainara Azpiazu Axpi, AlexF, Amaia Arrazola, Ane Pikaza, Gastón, Char-Lee Mito, Elena Odriozola, Elisabeth Pérez Fernández, Helena Azkarragaurizar, Higi Vandis, Idoia Iribertegui, Iraia Okina, Javier de Isusi, Jesús Sotés Vicente, Josune Urrutia, Maite Gurrutxaga, Mikel Casal, Miren Asiain Lora, Ruth Juan eta Yolanda Mosquera.

 Liburuaren aurkezpena

 Harrigarri eta Miragarri. Jostailuzko Entziklopedia Ilustratua” liburu erakargarria da eta esku artean erabiltzeko goxoa. Arreta erakartzen duen publikazioa da. Media Vaca argitaletxetik azaltzen dutenez liburuaren azalarekin, hori, arrosa eta beltz koloreko azalarekin,  gozokien estalkiaren imitazio bat egin dute. Argitalpenaren izenak berriz, “Tlaxcalako Historia”n du jatorria. Editoreek liburuan azaltzen dutenez “liburu hori Diego Muñoz Camargoren (1529-1599) kronika bat da eta Mexikon espainiarrak iritsi aurretik izandako zenbat mirari biltzen ditu. Zazpigarren istorioan kurrilo bat harrapatu zuten, burua ispilu antzeko bat zeukan, non, hasieran zerua eta izarrak ageri baitziren, eta gero, borroka-ikuskizunak. Agerpen hark ingurukoak artega jarri zituen eta harrigarri eta miragarri iruditu zitzaien”.

 Diru-laguntzak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratu ditu ekimen honetara. 2020ko ekainean kultur jarduera sustatzeko asmoz iragarritako ekimen sortaren barruan bultzatutako ekimena izan zen. Kulturako profesionalentzako laguntzez eta kultura-sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako deialdiaz gain, Sailak bost proiektu jarri zituen abian kultur enpresen jarduera eta sorkuntza sustatzeko asmoz. Guztira, 645.000 euro bideratu ziren bost esparru hauetako proiektuotara: argitalpen-ekoizpena; ilustrazioa; zinema-ekoizpena; arte plastikoetako sorkuntza; eta, azkenik, musika-ondarearen katalogazio-digitalizazioa.

2021. honetan ere Eusko Jaurlaritzak iragarri du dagoeneko 105.000 euro bideratuko dituela irudi-sorkuntza bultzatzera. Euskadin nobela grafikoen eta irudidun  liburuen argitalpena dinamizatzeko helburuarekin 15.000 euroko lau laguntza emango dira komiki edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat eta beste 15.000 euroko beste hiru laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat.

Tailerrak

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Euskal Irudigileak elkartearen eskutik  “Harrigarri eta Miragarri. Jostailuzko Entziklopedia Ilustratua” liburuari buruzko tailerrak ere antolatu ditu. Interesa duten Euskadiko liburutegiek argitalpenean parte hartzen duten artistekin tailerrak antolatu ahal izango dituzte. Egile bakoitzak libururako egindako irudiaren inguruan egituratuko du tailerra. Interesa duten liburutegiek info@euskalirudigileak.com helbidean eman ahal izango dute izena martxoaren 31a baino lehen.