Irunen gaitutako baliabideek 98 pertsonari eman zieten arreta bart gauean Eusko Jaurlaritzak

0

Irunen normaltasunera bueltatzen ari dira, pixkanaka. Iragaitzazko migratzaileen fluxua ohiko mailetara itzultzen ari da mugan, pixkanaka. Ehun bat pertsona iritsi dira, batik bat ostiral gauean, eta, ondorioz, kontingentzia-planaren bigarren fasea aktibatu behar izan da; hala, bada, Irungo Hilanderaseko aterpetxeko ohiko plaza-kopurua areagotu behar izan da eta 60 plaza gehiago gaitu, eta beste 30 mugako udalerri bereko erromesen aterpetxean eta beste 12 gehiago Hondarribiko aterpetxean.

Larunbat gauean, 106 pertsonak egin zuten lo gailu horietan, eta, bart gauean, 98k; haietatik, 74 gizonak ziren, 20 emakumeak eta 4 lagundutako adingabeak.

Asteburuan, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak Hilanderasetik, Gurutze Gorriarekin batera, gailu osoa koordinatzen jardun zuen, eta pertsona bakar bat ere ez zen arretarik jaso gabe geratu. Haiei guztiei jatekoa eta edateko eman zizkieten, bai eta oinarrizko kita ere; kit horrek higiene pertsonalerako produktuak eta arropa zituen. Halaber, maskarak eman zitzaizkien eta tenperatura hartu zitzaien.

Migratzaileen azken helburua Frantziako muga igarotzea da, xede dituzten helmugetara iristeko. Horretarako, Frantziako jendarmeriak ezarritako kontrolak saihesteko ahalegina egiten dute. Egoera honetan, mugatik hurbil etengabe ari da jendea mugitzen, eta, hori dela eta, oraindik ohi baino jende gehiagok ematen du gaua Irungo Gurutze Gorriaren instalazioetan. Pixkanaka, normaltasunera bueltatzen ari dira aterpetxean; izan ere, egunero zerbitzu horretara ohiko pertsona-kopurua iristen ari da.

Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak gaur goizean esan du migrazioaren arazoa Europa osoan gertatzen ari dela. “Egiturazko arazoa da, eta erantzun bateratua eman behar zaio, Euskaditik edo Espainiako Estatutik ez ezik, Europa osotik ere”, esan du irratiko elkarrizketa batean.

Artolazabalek nabarmendu du “erantzun bateratua” behar dela, eta koordinazio handiagoa Espainiako Estatuarekin etorrera horien inguruan; horrek, zalantzarik gabe, iragaitzazko pertsona horiek arreta hobea jasotzea ekarriko du.