Torturak jasan dituzten herritarrei errekonozimendua egingo die Azpeitiko Udalak

0
Non dago Mikel? Dokumentalaren asteazkeneko saioaren aurretik torturak jasan dituzten herritarrei beren giza eskubide urraketak errekonozituko dizkie udalak, ekitaldi baten bidez. Bertan izango dira Nagore Alkorta alkatearekin batera dokumentalean parte hartzen duen Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba eta filmaren zuzendariak, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas.

Azpeitiko Udalak menoria historikoa eta hurbileko historiaren ikerketa sakona egin du eta gertatutako giza eskubideen inguruan egia,justizia eta erreperazioa aldarrikatuz. Bide horretan, orain artean herriko historia jaso eta ezagutarazteko ahalegin berezia egin izan du. Gertaturikoa azaleratzeko asmoz, datorren asteazkenean, martxoak 10, Non dago Mikel? Mikel Zabalzaren tortura eta hilketaren inguruko dokumentala eskaintzearekin batera, torturak jasan dituzten azpeitiarrei errekonozimendua ere egingo zaie, ekitaldi baten bidez. “Azpeitian, udalak egindako azterketen arabera, 97 tortura kasu daude identifikatuta. 97 giza eskubide urraketa, hain zuzen ere. Horiei gure aitortza egingo diegu”, azaldu du Nagore Alkorta alkateak.

Emanaldiaren aurretik, 19:00etan hasita egingo da errekonozimendu ekitaldia. Ondoren, dokumentala ikusteko aukera izango da eta bukatzeko dokumentalaren inguruko solasaldia izango da. Ekitaldian izango dira Nagore Alkorta alkatearekin batera dokumentalean parte hartzen duen Oihana Zabalza, Mikel Zabalzaren iloba eta filmaren zuzendariak, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas.