Beatriz Artolazabalek Jaime Tapia magistratuaren aholkularitza izango du Euskadiko espetxe-eredua zehazteko

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Jaime Tapia epailearen eta Arabako Probintzia Auzitegiko zigor-arloko egungo presidentearen aholkularitza izango du, Euskadiko espetxe-eredua zehazteko; eredua espetxeen arloaren inguruko eskumenak Eusko Jaurlaritzari eskualdatzen zaizkionean aplikatuko da. Jaime Tapia Artolazabal sailburuaren aholkulari izendatuko dute, espetxeetarako gaietarako aditu gisa, sailburuordetza baten mailarekin, martxoak 31atik aurrera.

Magistratuak Artolazabal sailburuarekin lan egingo du zuzenean, eta hari emango dio Euskadin Eusko Legebiltzarrak 2019an onartu zituen ebazpenetan sakonduko duen berezko espetxe-eredua eraikitzeko moduaren inguruan duen ikuspegi adituaren eta profesionalaren berri; hura izango da arlo horretan ibilbide-orria.

Helburu nagusia da presoen eta zigortuen birsozializazioa errealitate izatea, eta, horretarako, ezinbestekoa da horretarako bide emango duten eta hura sustatuko duten baldintzak sortzea.

Zentzu horretan, Jaime Tapia magistratuak esperientzia handia du Euskadiko epailetzan; duela 33 urte hasi zuen bertan karrera. Zigor Zuzenbideko irakaslea da UNEDen, 2011tik; hainbat eta hainbat argitalpen sinatu ditu zenbait hizkuntzatan, eta hitzaldiak eman ditu zenbait herrialdetan, euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana baitakizki. Era berean, jurisdikzio-ordena zibil eta penaletako magistratu espezialistetako bat da –gutxi daude–, eta gazte jurisdikzio penalekoa. Curriculum hori kontuan hartuta, bere esperientzia esanguratsua izango da Euskadin espetxe-tratamenduaren ildo estrategikoak idazteko orduan.

Espetxeen transferentzia

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hartu duten konpromisoa honako hau da: espetxeak eskualdatzeko akordioa aurtengo martxoaren 31 baino lehen egingo da errealitate, baina haren eraginkortasuna markatutako denborek baldintzatuko dute.

Orain arte, dagoeneko zenbait bilera egin dira, eta, haietan, iragateko zailagoak izan diren beste gai batzuk tratatu dira, besteak beste: pertsonalarentzako aurrekontu-kapituluak, kontratuak, ondasun higiezinak…

Bi gobernuek elkarrizketa-egutegiari eusten diote, hil honetan Martutene, Basauri eta Zaballako Euskadiko espetxeen kudeaketaren eskualdaketarekin amaitzeko; haietan, 1.300 barneratu inguru eta 630 funtzionario baino gehiago eta ehun bat inguru lan-kontratu daude.