Emakundek emakumeen elkarteei martxoak 26ra arte eskatu ditzaketen diru laguntzen berri eman die

0

Emakundek emakumeen elkarteei eta feministei zuzendutako bi informazio-saio antolatu ditu, atzo eta gaur, emakumeen ahalduntzea, partaidetza soziopolitikoa eta elkartegintza indartzeko. Bereziki, 2021eko EAEko esparru guztietan emakumeen partaidetza eta elkartegintza sustatzeko diru-laguntzen deialdiari buruzko informazioa ematea izan da saioen ardatza. Hauetara aurkezteko epea martxoaren 26an amaituko da. Horren aurrekontu-gehikuntzaren berri eman da (aurten 400.000 euroraino igo da), bai eta egindako berrikuntzen eta hobekuntzen berri ere, betiere elkarteek helarazitako premien arabera erabakitakoak. Ondoren, elkarteek helarazi dituzten zalantzak eta kontsultak argitu dira. Parte-hartzea handia izan da, guztira 76 pertsonek parte hartu dute.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ireki ditu bi informazio-saioak, eta gogorarazi duenez, «Emakunde, sortu zenetik, emakumeen ahalduntzea bultzatu du, gure gizartean berdintasuna lortzeko bidean ezinbesteko osagaia dela jakitun. Horregatik, hasiera-hasieratik, laguntza ekonomikoa eman die emakumeen elkarteek antolatutako ekintzei, eta aholku-batzordea sortzea bultzatu du, elkarteek Emakunderekin eta Jaurlaritzarekin zuzeneko elkarrizketa izan zezaten «. Landaidaren hitzetan, «Emakumeek bizitza publikoan eta erabakietan parte hartzea ezinbestekoa da berdintasunean aurrera egiteko. Hala adierazi zigun Beijingek, eta hala gogorarazten digute, besteak beste, NBEren garapen jasangarriko helburuek, 5. helburua munduko emakumeen ahalduntzea baita «.
Prestakuntza-saio horien bidez, gainera, elkarte-sarearekiko zuzeneko elkarrizketan sakondu nahi da, eta diru-laguntzaren kudeaketaren gardentasuna hobetu. Jasotako erantzun onaren ondoren, Emakundek hurrengo urteetan errepikatzea aurreikusten du.