Kultur arloko ikuslegoak garatzeko, dibertsifikatzeko eta sendotzeko diru laguntzetara aurkezteko epea zabalik dago

0

Eusko Jaurlaritzak 200.000 euroko diru partida bideratuko du 2021. urtean Euskadin  kultura arloko ikuslegoak garatzeko proiektu eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzeko. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak kultur jarduera eta ekitaldietako publikoa areagotu, dibertsifikatu eta fidelizatu nahi du deialdi honekin.

Hiru motatako jarduera edo proiektuak lagunduko dira:

  1. Publikoak dibertsifikatzekoak: hezkuntza, psikologia edo gizarte-inguruko trabak gainditzera bideratutako esku-hartzeen beharra duten publikoari zuzenduak.
  2. Publikoak hedatzekoak: interesa erakusten duten publikoak izanda ere, kultur jardueretan parte hartzen ez duten horiek erakartzeko eta haien eskura jartzeko proiektu eta jarduerak.
  3. Parte hartzea areagotzekoak: kultur jardueretan parte hartzen duten publikoak gero eta fidelagoak izan daitezen, partaidetza maila eta inplikazio maila handiago lortzera bideratutako proiektu eta jarduerak.

Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira 2021eko urtarrilaren 1etatik 2022ko abenduaren 31ra bitartean. Hala ere, proiektuak 2021ean hasitakoak izan beharko dira. Gainera, diruz lagunduko diren ekintza eta jarduerak herritarrentzat irekiak izan beharko dira. Aurreko deialdia ere, bi urtekoa izan zen eta guztira zortzi proiektu babestu ziran.

Kultur arloko ikuslegoak garatzeko, dibertsifikatzeko eta sendotzeko eskariak aurkezteko epea gaurtik aurrera hilabetekoa izango da.