Miren Asiain Lora artista nafarrak egindako aurtengo edizioko kartela aurkeztu du Itzuliak

0

Gaur goizean Euskadiko Artxibo Historikoan egindako ekitaldi baten aurkeztu da Itzulia Basque Country 2021-eko kartela. Bere 60. edizioan Miren Asiain Lora artistak egin du lasterketa iragartzen duen irudia. Duela hiru urtetik Euskadi Literatura Saria lan literarioen ilustrazioaren arloan irabazten duen artistak izaten du Itzuliako kartela egiteko enkargua. Horrela berreskuratu zen Gerra Zibilaren aurreko tradizio bat. Garai hartan goi-mailako euskal artistek egiten zituzten txirrindularitza-lasterketa historiko honen kartelak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Itzulia antolatzen duen OCETAko presidente Julian Eraso eta kartelaren egilea bera, Miren Asiain Lora izan dira aurtengo Itzuliaren kartelaren aurkezpen-ekitaldian Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan.

Kartelaren egileak azaldu duenez “ideia garatzen hasi nintzenean, bi protagonistarengan pentsatu nuen, paisaia eta txirrindulariak. Txirrindulari horiek gure paisaiak zeharkatuz, pedalei eragiten imajinatu nituen, oharkabean pasatzen ez diren paisaietatik zehar, eta argi txiki gisa pentsatu nituen, agian izar iheskorrak edo txinpartak balira bezala. Gustatu zitzaidan bi gai horiei protagonismo bera ematea eta giro berezia zuen irudi bat sortzea. Prozesuan aurrera egin ahala, pinturarekin izandako elkarrizketa horretan aurrera egin ahala, txirrindulari horiek paisaiarekin hitz egiten duten bezala, irudia sortzen joan nintzen, espazio berezia sortuz, non biak (paisaia eta txirrindulariak) dira protagonistak”.

Bilboko Arte Ederren Museoa

Duela hiru urte berreskuratu zen prestigiodun artistek Itzuliako kartela egitearen ohitura. Gerra Zibila baino lehenago euskal artistek larterketa iragartzeko irudiak egiten zituzten eta 2019an tradizio hori berreskuratzeko erabakia hartu zen. Ordutik lan literarioaren ilustrazioaren atalean Euskadi Literatura saria jasotako Yolanda Mosquerak eta Asisko Urmenetak egin dituzte Itzuliako kartelak.

Gerra Zibil aurreko karteletako asko Bilboko Arte Eder Museoan daude gordeta eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak museoarekin sinatu berri duen hitzarmen bati esker azken hiru urteetako kartelak ere bertan gordeko dira.

Miren Asiain Lora 

Aurtengo kartelaren egileak Txina, Japonia, Korea, Italia, Espainia, Argentina, Mexiko eta New Yorkeko hainbat erakusketatan parte hartu du eta hainbat sari jasotakoa da:  Etxepare 2012, “Hara!” Lanagatik; Ilustrazioko VI. Katalogo Iberoamerikarraren Saria, Guadalajarako Nazinoarteko Liburu Azokan 2015; edo eta Cuatrogatos Fundazioaren Saria, 2020an. Iaz Euskadi Literatura saria ere jaso zuen Lan Literarioen Ilustrazioaren arloan “un millón de ostras en lo alto de la montaña” lanari esker. Fosilen misterioari eta geologiaren magiari buruzko liburua da.

Itzulia Basque Country 2021 

Apirilaren 5etik 10era egingo da aurtengo Itzulia. Lasterketaren 60. Edizioa Bilbon hasi eta Arraten bukatuko da. Sei etapatan 797,6 kilometro egingo ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan zehar. Aurtengoa gainera, publikorik gabe eta indarrean dauden osasun arloko neurri guztiak errespetatuz. Zaleei antolatzaileek eta osasun agintariek ematen dituzten gomendioak zorrotz jarraitzeko gomendioa egiten zaie.