Kontsumobideko erreklamazioen ia erdia jada online tramitatzen dira

0
PRUEBA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Kontsumobideko zuzendari Olga Santamaría lagun zuela, Kontsumobide 2020 urteko memoria aurkeztu du gaur. Bertan jaso da informazio guztia hauei buruz: erreklamazioak, kexak, denuntziak, prestakuntza- eta informazio-ekintzak, ikuskaritza-kanpainak, eta Kontsumoko Euskal Institutuaren ekintzari buruzko informazio gehiago, COVID pandemiak markatutako urte horretan zehar.

Kontsultak, erreklamazioak, kexak eta denuntziak

2020an 27.163 erreklamazio, kexa eta denuntzia tramitatu ziren Euskadin Kontsumobideren, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoen (KIUB) eta kontsumitzaileen elkarteen bitartez. Ia 1.300 gehiago dira aurreko urtekoen aldean. Datu nabarmenena da ia hirukoiztu egin direla erreklamazioak bidaien eta garraioen gainean, logikoa denez gero COVID iritsi zenetik. Garraioen eta bidaien inguruan guztira 6.321 erreklamazio jaso dira, 2019an jasotako 2.286en aldean.

Berriro ere, telekomunikazioen eta telefoniaren sektorea da erreklamatuena: guztizkoaren ia % 26, hau da, 7.102 erreklamazio edo kexa. Bere pisu portzentuala jaitsi egin da hala ere, 2019an % 36koa izan baitzen, eta 9.400tik gora erreklamazio eta kexa egin ziren.

Kontsumobideren lanari dagokionez (KIUBak eta elkarteak kontuan hartu gabe) pandemiaren ondorioek eragindako erreklamazioak aurkeztutakoen % 12 baino gehiago dira; zehazki 1.525, eta horietatik % 70 bidaien eta garraioen gainekoak dira.

Zentzu horretan, sailburuak nabarmendu nahi izan du 2020an online tramitazioek izan duten hazkundea. “Pandemia iritsi aurretik ere ahaleginak egin ziren erreklamazioetan digitalizazioa bultzatzeko, eta COVIDek lagundu egin du bultzada horretan. 2020an Kontsumobideko erreklamazioen, kexen eta denuntzien ia erdia online egin dira. Portzentaje hori % 9koa besterik ez zen 2019an eta % 46koa izatera iritsi da 2020an”.

 

Ikuskaritza-kanpainak

2020an zehar 8 ikuskaritza-kanpaina egin dira, ikuskaritzako jardun propioez edo SOIVRErekin (Kanpo Merkataritzako Ikuskaritza eta Jagoletza Zerbitzu Ofiziala) lankidetzan egindakoez gain. 3.611 ikuskaritza-ekintza burutu dira, 2019an baino 631 gehiago.

8 ikuskaritza-kanpaina horietatik 2 maskara higienikoen eta EPIen etiketatuan oinarritu dira eta kezkagarriak izan dira emaitzak. Hortaz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kanpaina berri bat iragarri zuen, oraingoan zehatzailea. Kanpaina hau maskara higienikoen etiketatuari eta ezaugarriei buruzko agindu berrian oinarritzen da; agindua Kontsumo Ministerioak iragarri zuen otsailaren 12an, eta 30 egun ematen zien enpresei egokitzeko, hau da, martxoaren 29ra arte. Beraz, Kontsumobideren ikuskaritza-kanpaina data horretan hasiko da.

 

Kontsumitzaileen Eguna

Martxoaren 15a kontsumitzaileen eguna da. Sailburuak azaldu duenez, aurten ez da posible izango kalera irtetea, aurrekoetan egin izan den bezala, informazio-karpekin. Hala ere, online sentsibilizazio-ekintzak egingo dira, zehazki plastikoen kutsadura dela eta; egun horretarako Europar Batasunak aukeratutako gaia. Hartara, Kontsumobidek lehiaketa bat antolatuko du Instagram bidez; bertan, argazki bat igo behar da gaiarekin lotua. Adibidez, maskara bat behar bezala birziklatzen erakusten dutenak, denuntzia-argazkiak, plastikoen kontsumo arduratsua erakusten dutenak eta abar.

“Gaurko gure kontsumoa biharko gure mundua izango da” esanez amaitu du sailburuak. “Horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik eta Kontsumobidetik beti aldarrikatuko ditugu kontsumo arduratsua, tokiko erosketa, gure eskubideen defentsa kontsumitzaile gisa, betiere eraiki nahi dugun gizartea ahaztu gabe”.