Euskadi 2030 ZTBP plana aurkeztu dio Cristina Uriartek Zientzia eta Berrikuntzako ministroari

0

Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria Pedro Duque Zientzia eta Berrikuntzako ministroarekin bildu da. Bilera horretan, “Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana” aurkeztu dio, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “I+G+b-ko Plan Osagarrietan” parte hartzeko EAEk aurkeztutako proposamenekin batera.

Plan osagarri horiek Europako Next Generation EU funtsekin finantzatutako “Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren” esparruan gauzatuko dira. Planen helburua da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemaren gaitasunak indartzea, eta koordinazioa hobetzea Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen ikerketa- eta berrikuntza-politiken artean, sinergiak eta jarduketen bateratzea erraztuta.

EAEk jarduera-programak proposatu ditu intereseko 8 arlotan; zehazki, esparru zientifiko-teknikoan eta berrikuntzakoan I+G gaitasunak dituen arlo hauetan: Komunikazio Kuantikoa, Energia eta Hidrogeno Berdea, Nekazaritzako Elikagaiak, Biodibertsitatea, Astrofisika eta Energia Handien Fisika, Itsas Zientziak, Material Aurreratuak eta Osasunari Aplikatutako Bioteknologia. Proposamen horiek gauzatzea lagungarria izango da 2030 ZTBPan sartuta dagoen ‘RIS3 Euskadi’ espezializazio adimenduneko estrategia garatzen.

Aurkeztutako programen proposamen horiek 54,5 milioi euroko inbertsioak izango dituzte lotuta 2021 eta 2024 bitartean, eta Eusko Jaurlaritzak horietatik 26,7 milioi finantzatuko ditu.

EAEk “I+G+b-ko Plan Osagarrietan” aurkeztutako programak

  1. Komunikazio Kuantikoa: Basque Quantum Technologies Hub, teknologia kuantikoen garapena bizkortzeko EAEko eta nazioarteko espazio kooperatibo bat sendotzea (BasQhuB).
  2. Energia eta hidrogeno berdea: ‘Hidrogenoaren ekonomia’ bultzatzeko teknologiak ikertzea eta garatzea. Hidrogeno berdea sortzea eta soluzio aurreratuak garatzea, horiek mugikortasun- eta industria-aplikazioetan modu egokian integratzeko eta operatzeko.
  3. Nekazaritzako Elikagaiak: Mahastizaintzako eta ardogintzako katearen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzea tresna integratuen bidez (Winetek).
  4. Biodibertsitatea: Ingurumenerako eta Jasangarritasunerako Adimen Artifiziala eta horren aplikazioa Biodibertsitatean (Aries: Artificial Intelligence for Environmental and Sustainability and its application to biodiversity).
  5. Astrofisika eta Energia Handien Fisika: Astrofisikan (teknologia espazialak) eta energia handien fisikan (neutrinoen fisika) zientziaren industria garatzeko teknologiak.
  6. Itsas Zientziak: Ozeanoen osasunaren, kontserbazioaren eta erabilera jasangarriaren arloko I+G+b-ko euskal ekosistema, hazkunde urdinaren eta trantsizio berde eta digitalaren Europako testuinguruan (OseanIK).
  7. Material Aurreratuak: Materialen zientziako eta ingeniaritzako ikerketa bultzatzea errendimendu handiko konputazioaren (HPC) erabilera intentsiboaren bidez, energia jasangarriko aplikazioak dituzten material aurreratuak gara daitezen ahalbidetzeko (HPC-Matavan).
  8. Osasunari aplikatutako bioteknologia: Medikuntza pertsonalizatua ezartzea. Osasun-plataforma pertsonalizatu bat (AKRIBEA) eta kriomikroskopia elektronikoko plataforma bat (BREM) garatzea, doitasunezko medikuntzako aplikazioak bultzatzeko.