SARS-CoV-2ren material genetikoaren hondarrak Euskadin antzematen jarraitzen dira

0
PRUEBA

EAEko hondakin-uren analisien emaitzek erakusten dute SARS-CoV-2ren material genetikoaren hondarrek EAEko hondakin-uretan antzematen jarraitzen dela. Horrela egiazta daitezke orain arte URBEHA proiektuaren esparruan bildutako datuetan: herritarren eskura jarri dira URA-Uraren Euskal Agentziaren webgunearen bidez.

Ebidentzia zientifikoak baieztatu du giza iraizketetan SARS-CoV-2 birusaren hondakin genomikoak daudela, eta, beraz, hiriko hondakin-uretan atzeman daitezkeela: SARS-CoV-2ak infektatutako pertsona baten iraizketetan —sintomak izan edo ez—, batez beste, infekzioa gertatu eta 2 egunera. Hala ere, proba diagnostikoak —adierazle epidemiologiko nagusia—, zenbait egun geroago egin ohi dira. Proiektu honen ardatz nagusia da hondakin-uren zaintza mikrobiologikoan oinarritutako  eredu doitu bat lortzea. Eredu horrek, test diagnostikoak baino zenbait egun lehenago, biztanleriaren artean Covid-19ren prebalentziaren aldaketak iragartzeko gai izan beharko luke.

Horixe baieztatuz gero, balizko izurrite baten hasierari aurrea hartzeko balioko luke metodologia honek. Are gehiago, epidemiaren fase aurreratuagoetan, sistema horrek aukera emango liguke jakiteko kutsatutako pertsonen kopuruak gora edo behera egiten duen. Beraz, hondakin-uretan detektatutako kontzentrazioen bilakaeraren arabera,  birusa nola hedatzen ari den jakin liteke.

Hartara, URBEHA proiektuak aurreikusteko eredu kontrastatu bat eraiki eta doitu nahi du, alerta goiztiar epidemiologikoko sistema bat sortu ahal izateko. Horretarako, SARS-CoV-2ren material genetikoaren jarraipena egiten ari da Euskal Autonomia Erkidegoko saneamendu-sareetan eta hondakin-uren araztegietan, eta xedea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari erabakiak hartzeko baliabide berri bat lortzea.

Tresna eta metodologia hori erabiltzeko aldez aurreko esperientziek erakutsi dute sentsibilitatea duela, baita COVID-19ren prebalentziak biztanlerian maila txikiak dituenean ere.

Hondakin-uren jarraipena egiteko  lan hori koordinatuta egiten ari da  Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren VATar Covid 19 ekimenarekin —hondakin-uren eta bainatzeko uren zaintza mikrobiologikorako adierazle epidemiologiko gisa, SARS-CoV-2 goiz detektatzeko alerta goiztiarreko sistema baterako hondakin-uren eta bainatzeko uren zaintza mikrobiologikoa—.

URAk, Bilbao Bizkaia, Añarbeko Urak eta Txingudiko Urak partzuergoekin batera, Ministerioaren proiektuan sartzen ez ziren eremuetako hondakin-uren zaintza-lan hori egin du Euskadin. Eremu horietako datuak datu-base komun batean jasotzen dira. Ekimen hau, Euskadin, Urbeha bezala berrizendatu da, non uraren eta osasun publikoaren hiri-zikloaren erakunde kudeatzaileek parte hartzen duten.

Analisien datuak astean behin Loiolako Hondakin Uren Araztegiko (Donostia), Atalerrekako Hondakin Uren Araztegiko (Hondarribia) eta Bilbo Metropolitarreko Saneamendu Sareko sei puntutan hartzen diren laginetatik datoz.