Pedro Azpiazu: «180 milioi euroak bultzada handia izango dira eskualdeentzat eta euskal ekonomiarentzat»

0
PRUEBA

Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuri elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Bizkaia Irratiko “Goizeko izarretan” saioan. Bertan, zuzentzen duen sailari buruzko hainbat gai errepasatu ditu.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Ekonomia eta Ogasun sailburuak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak atzo abian jarri zuen 180 milioi euro baino gehiagoko plan bereziak «bultzada handia» emango diela eskualdeei eta euskal ekonomiari. Gainera, babestuko diren proiektuak Legebiltzarrean landuta daudela zehaztu du.

Navaleko instalazioak Belgikako VGP taldeari esleitzeari dagokionez (parke logistiko bat sortuko du bertan), Azpiazu sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak beti defendatu duela industria; eta gaineratu du Tapia sailburua lanean ari dela industria-jardueraren bat bultzatuko duen akordiorik lor daitekeen ikusteko. «Gaia pil-pilean dago eta nola geratzen den ikusi beharko dugu», adierazi du.

Bestalde, 50 urterako 200 milioi euroko zorraren jaulkipenari buruz galdetuta, Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu du zorra beharrezkoa dela une honetan, eta jaulkipen horrekin Gobernuak bere politikak bultzatu nahi dituela. Gainera, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak egin duen zor jaulkipenean inbertsiogileek izan duten interesak erakusten duela merkatuak Jaurlaritzarengan konfiantza duela.

Elkarrizketan landutako beste gai bat Europako Funtsei buruzkoa izan da. Pedro Azpiazu sailburuak onartu du gai konplexua dela, egunero albiste berriak iristen direla. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, sailburuak azaldu du Euskadi Next programaren definizioan aurrera egiten ari direla, beste erakunde batzuekin elkarlanean, zabaltzen ari diren ildo berrietara egokituz. Ekonomia eta Ogasun sailburuak ziurtatu duenez, baliabideak ekoizpen sare osora iritsiko dira, «enpresa txiki eta ertainek ere Europako funtsen bultzada jasoko dute», zehaztu du.

Halaber, Pedro Azpiazuk esan du txertaketak itxaropena ekarri diela herritarrei eta ekonomiari, «jakina, albiste ona da».