Torturak jasandako herritarrei aitortza Azpeitian

0
Atzo arratsean, Non dago Mikel? Mikel Zabalzaren inguruko dokumentalaren azken emanaldian, Azpeitiko Udalak aitortza egin zien herrian torturen bidez beren giza eskubideak urratu dizkieten guztiei. Soreasu betean izan ziren dokumentala aurkezten Oihana Zabalza Mikel Zabalzaren iloba eta filmaren zuzendariak Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas. Ikusleen artean ziren, torturak jasan izan dituzten hainbat eta hainbat herritar: «Begirada kritikoa izan behar dugu gure etorkizuna eraikitzeko, ordea, eta ezin dugu onartu iraganaren parte bat ezkutuan geratzea edo behar beste ez ikertzea. Demokraziarekin eta giza eskubideekin konpromisoa duen erakunde orok du tortura testigantza edo salaketak ikertzeko betebeharra. Inpunitatearekin amaitzea ezinbestekoa da tortura kasurik berriro gerta ez dadin», adierazi zuen Alkortak.
Zine emanaldi berezia izan zen atzo Soresu antzokian. Azken egunotan bezala, Non dago Mikel? Dokumentala izan zen ikusgai. Atzokoan ordea, Azpeitiko Udalak emanaldia hasi aurrertik herrian torturak jaso izan dituzten gizon-emakume azpeitiarrei beren aitortza egin nahi izan zien. Azpeitian, ikerketa desberdinen bidez 82 gizon emakume daude identifikatuta. Horiek, 97 giza eskubide urraketa jasan dituzte: «Baina badakigu horiek baino gehigo ere badirela Azpeitian. Ez baita erraza torturak salatzea; eta torturen testigantzak lehen pertsonan kontatzea», azaldu zuen. Torturetaz ez dela behar beste hitz egiten ere aipatu zuen.

 

Egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu zuen udalak beste behin. Tortura kasu horien atzean dauden gizon emakumeek jasan zutenaren inguruko «egia ezagutu, plazaratu, argitu, justizia egin eta erreparazioa jasotzeko duzuen eskubidea aldarrikatu nahi dugu». horretarako ezinbestekotzat jo zuen iraganeko giza eskubide urraketa guztien ikerketa. Udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean 2014an memoria ikertzeko abiatutako bideanari da horretan, eta 1936tik gaur artean Azpeitian gertaturiko giza eskubide urraketa guztiak ikertzen jarraitzeko konpromisoa agertu zuen: «Memoria bizia baita, eta testigantza eta datu berriak azaltzen diren bakoitzean goaz memoria eta historia osatzen, eta gertatutakoa ezagutzen. Beraz, oraindik inork bere kasua azaldu, ikertu eta jaso nahiko balu, udalaren eta Aranzadiren ateak irekita ditu», zehaztu zuen.

Memoria gerra garaiko eta frankismokoaz gain, gertuko memoriaz ere badela nabarmendu zuen: «Gaur egun oraindik ere motibazio politikoz urratuta jarraitzen duten giza urraketez eta sufrimenduez ere ari gara memoriaz hitz egitean. Eta, giza eskubide urraketez hitz egitean minaz hitz egiten dugu. Min fisikoaz eta psikologikoaz, barneko zauriez eta itxi gabekoez. Eta inork inoiz errekonozitu gabekoez».

Begirada kritikoa aldarrikatu zuen etorkizuna eraikitzeko, «ezin dugu onartu iraganaren parte bat ezkutuan geratzea edo behar beste ez ikertzea. Demokraziarekin eta giza eskubideekin konpromisoa duen erakunde orok du tortura testigantza edo salaketak ikertzeko betebeharra. Inpunitatearekin amaitzea ezinbestekoa da tortura kasurik berriro gerta ez dadin», amaitu zuen.

Oihana Zabalzak «familia osoaren izenean eskerrak» eman zizkien Soreasun babesa adierazi zieten guztiei.