Dantzertiren Arrakala jardunaldiak tradizioa izango du ardatz

0

Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak lehentxotik zeukan pentsatua aurtengo Arrakala jardunaldia Tradizioari eskaintzea. Eta halaxe izango da. Baina, paradoxa iruditu ala ez, online izan beharko du, dagoeneko azaldu beharrik ez dagoen arrazoiengatik. “Tradizioari traizioa ote?” galdetzen diote euren buruari Dantzertiko arduradunek programazioaren aurkezpenean. Telematikoki bada ere, eta pandemiak pandemia, aurten ere jardunaldiari eustea erabaki dute.

Gai nagusitzat tradizioa hartuta –arte eszenikoen ikuspegitik, betiere- jardunaldia larunbat eguerdian hasiko da, martxoaren 13an, hitzaldi batekin. Ana Contreras eszena zuzendari eta RESADeko irakasleak eskainiko du, gaztelaniaz:  “El milagro y la magia en escena: tradición y contemporaneidad”  (Miraria eta magia eszenan: tradizioa eta garaikidetasuna).

Arratsaldez berriz, 15:30etatik aurrera, mahai-ingurua dantza munduaz arduratuko da,  “Euskal dantza: tradizio garaikidea?” goiburuarekin. Parte hartzaile izango dira solasaldi honetan dantzaren euskal eremuko izen ezagun askoak, hala nola, Oier Araolaza, Pantxika Telleria, Patxi Laborda eta Aiert Beobide. Euskaraz izango da mahai-inguru hau, Dantzertiko Euskal tradizio dantza ikasgaiko irakasle Josu Garatek moderatuta.

Tradizioa eta traizioa

“Zein da tradizioa traizionatzeko zioa? Traizionatzea al da tradizioa aldatzea? Berritu daiteke tradizioa? Traizioa ez da berria… Zaharrak berri. Aurten Dantzertin tradizioa traizionatuko dugu. Ala ez”. Horrelaxe dio off-eko ahotsak, Arrakala 2021 ezagutzera emateko Dantzertik prestatu duen bideoan. Larunbat honetan, zalantzarik gabe, solasaldian nahiz hitzaldian mahai gainean agertuko diren gai eta hausnarketak dira horiek.

Telematikoki izan arren, aurten bosgarren urtez antolatuko du Dantzertik Arrakala jardunaldia, baina aurrekoetan izan duen asmo berberarekin: eskolako ikasleen eta sektoreko profesionalen arteko topagune izatea. Arrakalak ikasleengan antzerkiaren eta dantzaren inguruko hausnarketa sortzea du helburu, profesionalizazio-esperientzia bat eskainiz, aldi berean eskola gizartean ikusgarri eginez eta arte eszenikoek gizartean duten lekua zainduz.

Profesionalizazio-bide horretan, Dantzertik askotariko irakasgaiak, irakasleak eta edukiak eskaintzen dizkie ikasleei. Hala ere, ezinbestekoa da ikasleak eskolatik kanpoko profesionalekin harremanetan jartzea eta, aldi berean, antzerkiko eta dantzako profesionalek Dantzertin parte hartu ahal izatea. Horregatik, jardunaldiak arrakala ireki du Dantzertin, aurten pisuzko gai bat aukeratuta: tradizioa.

Arrakala 2021 jardunaldiaren egitaraua, parte hartuko duen profesionalen ibilbidea eta profila edo saioak jarraitzeko modua Dantzertiren webgunean ikus daitezke.