Aguraingo araztegi berria 2021aren amaieran jarriko da abian, eta azken urteetako EAEko isurketa arazotsuenetako bati irtenbidea emango dio. Izan ere, saihestu egingo da Zadorrara Lautadako azken urteetako karga kutsatzaile handieneko isurketa egitea. Horren berri izan dute, araztegia eraikitzen ari den talde teknikoaren ahotik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak; Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak; eta Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkateak.
Uraren Euskal Agentzia Agurainen eraikitzen ari den HUA hondakin-uren araztegiko obretara egindako bisitan honako hauek ere izan dira: Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia; Josean Galera, Ingurumeneko eta Hirigintzako foru-diputatua; Amaia Barredo, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea; eta Nati López de Munain, Ingurumeneko foru-zuzendaria.
Hiriko hondakin-uren araztegi berriaren eraikuntzak 6.350.000 euroko aurrekontua du, eta aurtengo abuztuan egikaritzea aurreikusita dago. Behin amaituta, URA 6 hilabetez arduratuko da araztegia prest eta funtzionamendu egokian jartzeaz. Azkenik, 2022ko lehen lauhilekoan, instalazioa Aguraingo Udalari lagako zaio, etorkizunean, Araban uraren kudeaketa profesionalerako sortutako partzuergoan sar dadin.
Araztegi berriaren instalazioek bukaera emango diote Euskal Autonomia Erkidegoko isurketa-puntu arazotsuenetako bati, kontuan izanda aurreko araztegiaren funtzionamendu kaskarra eta egoera horrek eragin zituen kutsadura-agerraldi sarriak.
Araztegi berriak ekaitz-tanga bat du. Tanga horrek ahalbidetuko du, prezipitazio handiak daudenean, hondakin-urekin nahasten diren euri-uraren emari handiak atxikitzea eta, horrela, eragotziko da emari horiek ibaiaren ibilgura araztu gabe isurtzea.
Instalazio hau berme gehigarri bat da bereziki sentikorra den ingurune batentzat, Zadorraren goiko ibilguarentzat hain zuzen. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko hornidura-iturri nagusia den Uribarriko urtegian husten du ura. Gainera, hiru faseko tratamendu indartua izango du —aurretratamendua, bigarren mailakoa eta hirugarren mailakoa—, tratatutako urak ibaiaren ibilgura ahalik eta kalitate onenarekin itzuliak izan daitezen.
HUAren proiektua dimentsionatu egin da instalazioak 33.825 biztanleko populazioaren hondakin-urak tratatu ahal izan ditzan. Horrela, udalerriaren eta industrialdearen egungo beharrak betetzeaz gainera, gai izango da etorkizuneko hirigintza- eta industria-garapenen tratamendua edo beste hirigune batzuetako hondakin-urak xurgatzeko, behar izanez gero.
Era berean, araztegi berria diseinatzean kontuan hartu da arroko emarien urtarokotasunaren aldakortasun naturala, eta horrek ez du inola ere eragin negatiborik izango arazketa-prozesuen errendimenduetan.
Araztegi berria abian jarri arte, Udala arduratuko da indarrean dagoen baimenean ezarritako isurketa-baldintzak betetzen direla ziurtatzeaz.
Erakunde arteko akordioa
Aguraingo araztegi berria Uraren Euskal Agentziak eta Arabako Foru Aldundiak sinatutako Azpiegitura Hidraulikoei buruzko Esparru Akordioaren (2017-2027) proiektu nagusietakoa da. Arabako Foru Aldundia bete-betean sartuta dago kolektore-sare berria eraikitzeko prozesuan. Sare horren bidez, hondakin-urak hirigunetik eta industrialdeetatik araztegi berriraino eramango dira.
Guztira, Ingurumeneko Foru Sailak 1.500.000 euro inguru inbertituko ditu proiektu honetan. Proiektuari esker, 2,6 kilometroko hainbat eroanbideren bitartez, Aguraingo hiriguneko ur guztiak HUA berrira eramango dira. HUA berria modernoagoa eta saneamendu- eta arazketa-ahalmen handiagokoa izango da. Jarduketa hau Arabako Lautadan mugarri garrantzitsua da saneamenduaren arloan, eta Arabako Hornidura eta Saneamenduko Plan Zuzentzailean (2016-2026) agertzen diren jarduketen artean agertzen da.
Kudeaketa profesionala
Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu duenez, “eraikitzen ari garen azpiegitura azken belaunaldikoa da, eta etxeko eta industriako isurketak tratatuko ditu”. Gogorarazi duenez: “Aurreko araztegiak ez zuen behar bezala funtzionatzen eta ezin zien erantzun eraginkorrik eman zeuden beharrei; baina, gaur egun urak arazteko eta tratatzeko teknologiak eboluzionatu egin du, eta HUA hau diseinatzeko aukera eman digu. HUA honi esker, uraren garapen eta kudeaketa jasangarriagoa eta profesionalagoa sustatuko da, bai familien aldetik, baita egun dauden edota epe ertain-luzera Agurain inguruan ezarriko diren jarduera ekonomikoen aldetik ere”.
Tapia pozik agertu da “azken urteetako EAEko isurketa arazotsu eta espedientatuenetako bati irtenbidea emateagatik, ez baitziren betetzen ibilgura itzultzen diren urek bete behar dituzten kalitate-eskakizunak; Zadorra ibaiak Lautadako karga kutsatzaile handieneko isurketa saihestuko du”. Amaitzeko, nabarmendu du Udalak, Arabako Aldundiak eta URAk HUA berria eraikitzeko sinatutako finantzaketa-hitzarmena, eta honako hau aurreratu du: “Eusko Jaurlaritzak uraren ziklo integrala hobetzen jarraituko du, ibaietara egiten diren isurketak nabarmen hobetuko dituzten arazketa-sistema berriak gehitzen”. Horren adibide gisa, honako hau iragarri du: “Arabako Lurralde Historikoan, Uraren Euskal Agentzia lanean ari da Moredako hondakin uren saneamendu-sistema eta araztegia eraikitzeko proiektua idazteko”.
Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkateak nabarmendu duenez, azpiegitura berriak “denbora behar izan du”, baina Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Aguraingo Udalaren erakunde arteko lankidetzaren ondorioz, hondakin uren araztegi berri bat eraikitzea errealitate bat da: “Aguraingo Udaletik oinarrizkotzat eta ezinbestekotzat jotzen dugu azpiegitura hau, bi arrazoirengatik: lehenengoa, eta garrantzitsuena, funtsezko tresna delako aguraindarrok uraren zikloa osatu ahal dezagun, ura gure ibaira baldintza aproposetan itzultzea ziurtatuta, giza garapen jasangarriak eskatzen dizkigun printzipioak aplikatuz; bigarren arrazoia da gure udalerriaren etorkizuneko hazkundea ziurtatzea, bai haren bizitegi-eremuarena, bai gure industrialdeena. Hazkunde hori hipotekatuta egon da orain arte, aurreko HUAk eskaintzen zituen prestazio mugatuen ondorioz, duela urte batzuk zaharkituta geratu baitzen”.
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak honako hau azpimarratu du: “Oso pozgarria da ikustea, 2016an Foru Aldundiak emandako bultzadatik abiatuta, proiektua abian jartzeko zorian dagoela. Agurainek eta Lautadak premiaz behar zuten honelako azpiegitura bat, eta hori egia bihurtzea lortu dugu erakunde arteko lankidetzan”.
Halaber, hau nabarmendu du: “Gainera, 2019an Urbide sortu genuenean, uraren zikloaren kudeaketan eskumena duten hirigune guztiei laguntzea helburu zuen partzuergo gisa, funtsezkotzat jotzen genuen proiektu hau. Aguraini lagundu behar genion Zadorrako urtegien goiburuan kokatutako funtsezko udalerria den heinean, eta orain, inoiz baino gehiago, arazoaren konponbidea gauzatuta ikusi ahal izango dugu. Alde batetik, azpiegitura berri bat dugu, eta, bestetik, baliabide horren kudeaketa optimizatu ahal izango duen erakunde kudeatzaile bat. Ez da ahaztu behar Aldundiak dagoeneko 10 araztegi kudeatzen dituela Lurraldean eta laster Urbidek hartuko duela kudeaketa horren ardura”.