Euskadiko trafikoaren urteko portaera-patroiak guztiz ezohikoak izan dira pandemiaren ondorioz

0

Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak mugikortasunean izan duen eraginaren balantzea egin du, lehenengo alarma-egoera ezarri zenetik, 2020ko martxoaren 14tik, urtebete igaro denean. Pandemiaren intzidentziak eta pandemiari aurre egiteko mugikortasunean ezarritako murrizketek eragin zuzena izan dute trafikoan, eta portaera-patroiak guztiz ezohikoak izan dira: zirkulazio gutxiago, istripu gutxiago eta hildako gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren arabera: “Osasun-krisiak azken urtean mugikortasunean izan duen eraginaren ondorioz, 2020an 38 pertsona hil dira trafiko-istripuetan, 2019an baino % 25,5 gutxiago, eta 2019arekin alderatuta istripuek % 28 egin dute behera”.

Mugikortasunaren arloan jaitsierarik nabarmenena apirilean izan zen, etxeko konfinamendua eta behar-beharrezkoak ez ziren salgaien zirkulazioa debekatu zuen “ekonomiaren hibernazio-dekretua” indarrean egon ziren garaian. Egun horietan mugikortasuna % 71 jaitsi zen, batez beste, Euskadiko hiriburuetako sarbideetan, eta egun jakin batzuetan % 90. Eragina handiagoa izan zen autoetan eta txikiagoa ibilgailu astunetan, hornidura bermatzeko zirkulatzeko baimena baitzuten.

TRAFIKOAREN PORTAERA

Maiatzaren 11n hasi zen deskonfinamendua eta ekainaren 19an amaitu zen, eta une horretatik aurrera zirkulazioa leheneratzen hasi zen. Hala eta guztiz ere, udan ere jaitsiera nabarmena izan zuen, Espainia eta Maroko arteko lurreko muga itxi izanaren eta Itsasartea igarotzeko operazioa bertan behera utzi izanaren ondorioz, nabarmen gutxitu baitzen Afrika iparralderantz doan eta Euskadi urtero zeharkatzen duen nazioarteko trafikoa. Une horretatik aurrera, Euskadiko errepideetan batez ere barneko joan-etorriak eta mugakide diren autonomia-erkidegoetakoak izan ziren. Uztailean eta abuztuen ibilgailuen fluxua, batez beste, %12 jaitsi zen aurreko urtearekin alderatuta.

Bigarren alarma-egoerako murrizketak urriaren 26tik aurrera ezarri ziren, eta horrekin berriz jaitsi zen mugikortasuna. Horrela, zifrak guztiz ezohikoak izan ziren bai abenduko zubian bai Gabonetan. Murrizketen ondorioz, hilabete horretan trafikoa % 18 jaitsi zen hiriburuetako sarbideetan eta % 25 ibilbide luzeetan.

2021. urteari dagokionez, urtarrilean ibilgailuen fluxua % 19 jaitsi da 2020ko urtarrilarekin alderatuta, eta otsailean % 23. Martxoan, orain arte, eta, zehazki, hilaren 9an udalerrien konfinamendua amaitu zenetik, goranzko joera hauteman da mugikortasunean.

ERANTSITAKO DOKUMENTAZIOA: Trafikoaren bilakaera Euskadi  hiriburuetako sarbideetan 2020-2021