Gotzone Sagarduiri elkarrizketa

0
PRUEBA

Gotzone Sagardui Osasun sailburua Onda Cero irratiko “Más de uno Euskadi” saioan elkarrizketatu dute, eta pandemiaren bilakaera eta txertaketa prozesua izan dituzte hizpide, besteak beste.

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, gaur egun egoera kritikoan gaude; izan ere, «beheranzko joeratik gatoz eta, motelaldi baten ondorioz, goi-ordoki batean gaude», beraz, Sagardui sailburuaren arabera, «zuhur jokatu behar dugu». Ildo horretan, berriro beheranzko joerara buelatu behar dela esan du, eta hori gure esku dagoela, ezartzen ari diren neurriak betez. «Gutako bakoitzak egiten dugunak, gugan ez ezik, gizarte osoan ere eragiten du», gaineratu du. Aste Santuari dagokionez, Osasun sailburuak zuhurtasunez gozatzen ikasteko deia egin du, neurriak mantentzen jarraitzeko garaia baita.

Gainera, sailburuak esan du tentsioa sumatzen dela osasun-sisteman, baina ziurtatu du Euskadin osasun-arreta bermatuta dagoela, bai ohiko arretari dagokionez, bai Covid-19rekin zerikusia duen guztiari dagokionez. «Osasun sistema normaltasunera itzultzen ari dela esatetik urrun daude datuak», adierazi du.

Txertaketa prozesuari dagokionez, Gotzone Sagarduik esan du txertaketa prozesua txertoen eskuragarritasunera egokitzen dela. «Osakidetzan txertaketa ez da txertatzeko gaitasunaren araberakoa izango, txertoaren eskuragarritasunaren eta txerto moten araberakoa baizik», azpimarratu du. Hala, txerto gehiago iristen badira, gehiago txertatuko dela esan du. Era berean, Sagarduik immunizazio-prozesuaren garrantzia azpimarratu du; prozesu horrek, une honetan, bi dosi ematea eskatzen du, hala zehazten dute sendagaien fitxa teknikoek. «Dosi bakarreko txertoa jasotzea albiste ona izango da, baina garrantzitsua da, era berean, txertoak iristen jarraitzea, mota guztietakoak, lortu behar duguna, ahalik eta denbora tarte txikienean, Covid-19aren aurrean ahalik eta pertsona gehien babestea baita», gaineratu du.

80 urtetik gorako pertsonen txertaketa-erritmoari dagokionez, Gotzone Sagarduik azaldu du prozesua ondo doala, baina Pfizer txertoen kopurua – kolektibo horrentzat gomendatutakoa – txikia dela. Gainera, gogorarazi du Osakidetzak 80 urtetik gorako pertsona guztiei deituko diela txertaketa eguna eta tokia zehazteko, txertoak eskuragarri izan bezain laster.

Astra Zenecaren txertoari buruz galdetuta, sailburuak esan du txertoak Sendagaien Europako Agentziaren azterketa guztiak gainditu dituela, eta, arriskurik balego, osasun-agintariek beharrezko neurriak hartuko lituzketela; gainera, azpimarratu du emandako txertoen jarraipena egiten dela, albo-ondoriorik dagoen jakiteko, eta oraingoz ez dela ezer egiaztatu.

Gainera, Osasun sailburuak adierazi duenez, txertaketarako guneak txertoen eskuragarritasunera eta txertoa jarri behar duen kolektiboaren ezaugarrietara egokitu dira eta egokituko dira. «Txertoen kopuruak hala eskatzen badu, gaitasun handiagoko txertaketa-puntu gehiago izango ditugu», zehaztu du.

Azkenik, sailburuak maskararen erabilera izan du hizpide, eta «gaixotasunaren bilakaera eta txertoek bermatzen diguten immunitatea» ikusi beharko direla esan du. «Ez dut baztertzen maskara geratzeko iritsi den gauzetako bat izatea», adierazi du.