Beatriz Artolazabal sailburuak zuzentzen duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak harremanak areagotu ditu Irungo mugara iristen ari diren migratzaileei arreta ematen diharduten hirugarren sektoreko gainerako erakunde eta eragileekin. Ildo horretatik, Migratzaileen Presako Harrera Koordinatzeko Erakunde arteko Mahaiak hainbat bilera egin ditu azken asteetan, gerta daitezkeen egoeren aurrean baterako erantzun eraginkorra koordinatzeko helburuarekin.
Migratzaileen iragaitza oso aldakorra da, joan den asteburuan agerian geratu zenez. Hortaz, etengabe egokitu beharra dago une bakoitzean sortzen den testuingurura. Ildo horretatik, gerta daitekeen pertsonen etorrera masibo baten aurrean, Eusko Jaurlaritzak etengabeko komunikazioan dihardu beste erakunde batzuekin, hala nola aldundiekin, hiru euskal hiriburuetako eta Irungo udalekin, Estatuko Gobernu Ordezkaritzarekin eta hirugarren sektoreko eragileekin.
Izan ere, azkenengo egunotan bi aldeko batzarrak izan dira, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saila eta beste eragile batzuen artean: Gipuzkoako Foru Aldundia, Ertzaintza eta Osasun eta Hezkuntza Sailak, besteak beste. Helburua da arreta-baliabideak gaitzeko kokagunerik onenak bilatzea da, batez ere Bidasoa aldean. Dena den, Bilboko dispositiboak ere aktibatu dira, baliagarriak izan baitaitezke pertsona horiek gelditu eta atseden hartu ahal izateko bidaiatzen jarraitu aurretik.
Kontaktuak Irunen eta Hondarribian
Erakundeen arteko lankidetzaren ildo horretatik, Artolazabal sailburua, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendaria bildu egin ziren atzo Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin eta David Nuño Gizarte Ongizateko zinegotziarekin. Topaketak balio izan zuen toki-korporazioko gobernuaren esku jarri ohi diren bitartekoak baliarazteko, bereziki kontuan hartuta azken asteko egoera. Izan ere, ostiralean, martxoak 5, ehun bat lagun iritsi ziren gauez ustekabean.
Sailburuak Hondarribiko Udalaren laguntza ere eskertu du. Hain zuzen, Txomin Sagarzazu bertako alkateak 94 ohe jarri ditu herriko Jostaldi pilotalekuan. Dispositibo hori, hala ere, erreserban geratuko litzateke, migratzaileen etorrerak une honetan aktibo dauden baliabideak gaindituko balitu.
Legarreta Eusko Legebiltzarrean
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarretak azaldu du gaur Eusko Legebiltzarreko Migrazioen Taldeartekoan, Eusko Jaurlaritzak Irunen izan duen esku-hartzea, EAJ, EH Bildu, PSE, Ahal Dugu eta PP-Ciudadanoseko legebiltzarreko kideekin.
Ildo horretatik, Legarretak, berak eskatutako agerraldian, azaldu du nola koordinatu diren tokiko erakundeekin eta Gurutze Gorriarekin Hilanderaseko aterpetxeko plazak areagotzeko. Izan ere, aterpetxe hori lekurik gabe geratu zen, ostiral gauean ehun lagun baino gehiago iritsi zirelako. Legarreta Irunen izan da Jaurlaritzaren erantzuna in situ koordinatzen, eta azaldu du nola hedatu ahal izan zen dispositiboa Irungo erromesen aterpetxera, baita Hondarribiko aterpetxera ere. Horrela, inor ez zen kalean geratu artatu gabe.
“Beti izan dugu inor artatu gabe ez uzteko helburua. Janaria, hidratazioa, higienea… behar dute, eta eskaini egin diegu. Gizatasun-kontua da. Inor ezin da gelditu atseden hartzeko oherik gabe, eta inor ez da halakorik gabe gelditu”.
Legarretak azaldu duenez, agertoki gehiago aztertzen ari dira, jendetza etortzen bada ere. Hori dela eta, jende hori hartzeko leku gehiago gaitu dituzte, behar izanez gero. Halaber, Gurutze Gorriko kideen jarrera goraipatu du, txandak luzatu dituztelako eta boluntarioak behar izan dituztelako laguntza-eskaerari erantzuteko.
Asteazken gaueko balantzea
Bart 62 pertsona artatu dituzte (9 emakume, adingaberik ez): 29 Hilanderasen, 21 Irungo aterpetxean eta 12 Hondarribiko aterpetxean. 62 bazkari eta 62 afari banatu dira.