Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.449 isun jarri dituzte asteburuan osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Joan den asteburuko hiru egunetan, martxoaren 12an, 13an eta 14an, Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.449 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik 872 zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz areagotu dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.449 isun bideratu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Gehienak, 872, alegia, zirkulatzeko askatasunaren muga ez betetzeagatik edo eremu publikoetan edo pribatuetan gehienez lau pertsona elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 210 isun jarri dituzte. Bestalde, kalean alkoholdun edariak kontsumitzeagatik 198 isun-akta bideratu dituzte. Gutxiago dira beste kontzeptu batzuengatik jarritako isunak, eta kontzeptuok, besteak beste, kalean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 153 isun Araban, 756 Bizkaian eta 540 Gipuzkoan.