Marihuana-kukuluen 600 kilogramo konfiskatu ditu Ertzaintzak Portugaleten

0

Azken urteotan Euskadin egin den droga-konfiskaziorik handienetako bat da

Ertzaintzak azken urteotan Euskadin atzeman den droga-kopururik handiena konfiskatu du, guztira marihuana-kukuluen 600 kilo, kilo bateko kokaina-harria eta beste kilo bat speed, Bizkaiko Portugalete herrian egindako operazio batean. Operatiboaren ondorioz 49 eta 41 urteko bi pertsona atxilotu dituzte droga-trafikoaren delitua leporatuta. Ikerketaren arabera, konfiskatutako droga eskala handian banatu behar zuten EAEtik kanpora, eta merkatu klandestinoan hiru bat milioi euroko balioa izango zuen.

Operazioari ostegun arratsaldean eman zitzaion hasiera, Muskizeko Ertzain-etxeko agenteak, azken hilabetean etxebizitzetako lapurretetan izandako igoera geldiarazteko, Portugaleten polizia-dispositibo bat burutzen ari zirenean.

Ikuskapen-lanetan ari zirenean, agenteek ikusi zuten bi gizon lonja batetik kartoizko kaxak ateratzen eta presaka furgoneta batean sartzen ari zirela, eta, ondoren alde egiten zutela. Bi gizonen jarrera susmagarria iruditu zitzaien ertzainei, eta furgonetari segitzen hasi ziren. Agenteek egiaztatu zuten saihesteko maniobrak egiten zituela eta trafikoko arauak urratzen zituela. Ertzaintzak polizia-dispositibo bat jarri zuen abian eta geldiarazi egin zuen furgoneta. Ertzainek bi bidaiariak identifikatu zituzten, eta, kaxetan zer zeramaten galdetu zietenean, botikak zeramatzatela erantzun zieten.

Agenteek kaxak ikuskatu zituztenean, substantzia begetal bat zuten poltsak zeudela ikusi zuten, eta, azkenean, marihuana zela identifikatu zuten. Guztira bost kaxa konfiskatu zituzten, eta bakoitzean marihuana-kukuluak zituzten hogei poltsa zeuden. Horrez gainera, agenteek substantzia sorgorgarrien ebidentzia gehiago ere aurkitu zituzten furgonetan ezkutatuta, besteak beste, substantzia marroi baten plaka bat, ustez haxixa, kannabisa zuen poltsa termozigilatu bat eta speeda zuten poltsa txiki batzuk. Bestalde, akusatuetako bat miatu zutenean, dirua, 3.800 euro, eta substantzia sorgorgarriak zituzten poltsa txiki batzuk aurkitu zizkioten gerriko poltsa batean.

Horren guztiaren aurrean, operazioan esku hartu zuten agenteek furgonetan zihoazen bi gizonak atxilotu zituzten droga-trafikoaren delitua leporatuta. Furgoneta polizia-egoitzara eraman zuten zehatz-mehatz ikuskatu ahal izateko.

Ostegun arratsaldean eta gauean zehaztasunez miatu zuten lonja, furgonetan aurkitutako droga zuten kartoizko kaxak gordetzeko akusatuen lokala. Lokal hori miatu ondoren, Ertzaintzak antzeko ezaugarriak zituzten berrogeita hamar bat kaxa aurkitu zituzten lokaleko hainbat gelatan sakabanatuta, eta, aztertu zituztenean, egiaztatu zuten marihuana zela, plastikozko poltsatan paketatuta. Era berean, agenteek debekatutako beste hainbat substantzia ere aurkitu zituzten, hala nola kokaina, anfetamina eta metanfetamina (speed), bai eta beste hainbat material ere, besteak beste, baskulak eta drogen manipulaziorako beharrezko tresnak.

Ikerketaren arduradunek ostiralean jarraitu zuten auziperatuen jabetzeko lokalak miatzen, eta substantzia sorgorgarrien (marihuana, kokaina, anfetamina, metanfetamina) kopuru txikiak aurkitu zituzten Ortuellako garaje batean egindako miaketan.

Dagozkion egiaztapenak egin ondoren, Ertzaintzak guztira marihuana-kukuluen 600 kilogramo, kilo bateko kokaina harria, kilo bat speed eta haxix-kopuru txikiak aurkitu zituen Portugaleteko lonja batean eta Ortuellako garaje batean egindako miaketetan.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du delituaren beste alderdi batzuk argitzeko. Ertzaintzaren ustez, konfiskatutako materialaren bolumena ikusita, marihuana eta gainerako drogak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora eskala handian banatzeko asmoa izan zezaketen. Polizia-eginbideetan bi atxilotu, 49 eta 41 urteko bi gizon, agertzen dira droga-trafikoaren ustezko delitu bat leporatuta, eta Ertzaintzaren egoitzan jarraitzen dute agintari judizialaren eskuetan noiz jarriko zain.

Konfiskatu den marihuana-kukuluen kopurua Euskadin azken urteotan konfiskatu den kopururik handienetako bat da. Atzemandako drogak, merkatu klandestinoan sartu izan balitz, 3.000.000 euroko balioa izan zezakeen. Ertzaintzak irekita du operazioa, eta ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.