Eusko Jaurlaritzak zaintza-eredua eraldatzearen eta dibertsifikatzearen alde egiten du

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur esan duenez, “zaintza-eredua eraldatu eta dibertsifikatu egin behar da eta, hala, erakunde- eta familia-zaintzaren arteko oreka bilatu eta, zehazki, lehenengoa sendotu”. Sailburuak laster argitara emango den zaintzei buruzko estrategia berria prestatzeko lanetan bere saila jarraitzen ari den ildo batzuen berri eman du. “Eraldaketa sakona behar da denbora-tarte nahiko laburrean”, esan du.

Gizarte Politikako Espainiako Sarearen zortzigarren biltzarraren esparruan, sailburuak beharrezkotzat jo du trantsizioa. “Pertsonak gara pertsonak zaintzen ditugunak”, esan du, zenbait aldiz, eta honako hau nabarmendu du: “batik bat emakumeok zaintzen dugu, bai familia-eremuan bai erakunde-eremuan”. “Justizia sozialak eta berdintasunak eta egungo gizarte-testuinguruak erakunde-zaintzak sendotzea aldarrikatzen dute: pixkanaka nabarmen murriztea familia-zaintzaren proportzioa erakunde-zaintzaren aldean;          zerbitzu eta erantzukizun publikoko funtzioak sustatzea, familientzako eta profesional zaintzaileentzako laguntza barne, eta erkidegoan arreta (lehen mailakoa eta bigarrenekoa) sendotzea”.

Sailburuak esan duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak honako 4 neurri hauek jasotzen dituzten zaintzen demokratizazio-ereduaren alde egiten du: zaintzak aitortzea, murriztea eta birbanatzea eta zaintzaileen beharrak ordezkatzea (ahotsa ematea)“.

“Gaur egungo zaintza-eredua bidegabea da, eta desberdintasuna eragiten du; izan ere, nagusiki, ordaindu gabeko zaintza-lana du euskarri. Baina, modu berean, zaintza-lan guztia publifikatzea eta/edo merkatilizatzea ez da jasangarria ez sozialki ez ekonomikoki. Eta are garrantzitsuagoa dena, ez da sozialki nahi dena”, esan du Artolazabalek; izan ere, familia-zaintza “normalean boluntarioa izaten den lotura eta konpromiso baten adierazpena da, zeinak maitatuak izateko eta maitatzeko asmo eta itxaropenari erantzuten baitio”. Beraz, familia-zaintzak “aukera bat izan behar du”. “Aukera horri sektore publikotik eman behar zaio bide eta, horretarako, norberaren bizitzarekin eta lanarekin bateragarria den zaintzarako laguntzak eskaini eta, aldi berean, familia-zaintza gure gizartearen eta ongizate-ereduaren ezaugarri gisa babestu”.

“Euskadin berezko bidea bilatzen dugu, tartekoa; horretarako, ongizate-egoeraren inguruko Mediterraneoko, Europako Erdialdeko eta Europako Iparraldeko ereduetatik onena ateratzen saiatzen gara, gizarte gisa dugun identitatea hartzen baitu kontuan, gure kultura, gure beharrak eta gaitasunak”, esan du.

  • Beharretara eta, halaber, gaitasunetara eta baliabide publiko eta sozialetara egokitzen den erantzukizun publikoaren garapenean oinarritzen den eredua.
  • Esku-hartze publikoa handitzea aurreikusten duen eredua, familien eta erkidegoen, ekimen eta esku-hartze sozialeko erakundeen, enpresen eta sektore publikoaren arteko lankidetza aurreikusten duena, bai zaintzak emateko bai zaintzak sustatzeko.
  • Zaintzei balio soziala ematen dien eta gizonei, haien jarduna aktiboki sustatuz, familia- eta erakunde-zaintzan rol bat esleitzen dien eredua.

Biltzarra eta omenaldia

Artolazabalek Gizarte Politikako Espainiako Sarearen zortzigarren biltzarraren inaugurazioan parte hartu du; biltzarra elkarrekin antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak, Sareen Sarearen eta Eguía Careaga fundazioaren SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren lankidetzarekin. Ekitaldian, honako hauek ere parte hartu dute: Margarita León, Gizarte Politikako Espainiako Sareko presidentekidea (REPS); Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Eva Ferreira, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea (UPV/EHU); José María Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; María Teresa Laespada, Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Bizkaiko foru-diputatua eta Ignacio Álvarez Peralta, Gizarte Eskubideen estatuko idazkaria. REPS asteazkenera arte luzatuko da.

Biltzarrean, omenaldi-ekitaldia ere egin zaie honako hauei, Euskadin gizarte-politiken eremuan duten ibilbideagatik: Amaya Ituarte gizarte-langilea; Fernando Fantova gizarte-aholkularia, eta Luis Sanzo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko estatistika-arloko arduraduna. “Luisek, berrogei urtez, isilpeko lana baina funtsezkoa egin du, aurrez aurre ditugun egoeren diagnostiko hobea izateko”, esan du sailburuak. “1987an, Sanzok Euskal Autonomia Erkidegoko pobrezia azterlanean parte hartu zuen, eta hura diru-sarrerak bermatzeko errentan eta gizarte-larrialdirako laguntzetan oinarritzen den diru-sarrerak bermatzeko prestazio publikoen egungo sisteman amaitu duen prozesuaren hazia izan zen”.