Euskal Sektore Publiko osoaren antolaketa eta funtzionamendurako lege nagusi baten alde egin du Olatz Garamendik

0

Gobernantza hurbilagoa, parte-hartzaileagoa, berritzaileagoa, eraginkorragoa eta euskal sektore publikoa arrazionalizatzera bideratua. Hori da Euskal Sektore Publikoaren lege-proiektuaren xede nagusia Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldi batean gaur azaldu duenez. Olatz Garamendik Legebiltzarreko taldeekin partekatu ditu arau honen oinarri diren datuak eta gogoetak. Horren bidez, Euskadiri erreferentziazko lege bat eman nahi zaio, euskal Administrazio osoaren zeregina antolatzeko.

Lege-proiektuak Euskal Sektore Publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko Erakundearteko Batzorde bat sortzea jasotzen du, administrazioen artean eraginkortasunik eza, gainjartzeak eta bikoiztasunak saihesteko proposamenak egingo dituena.

Sektore Publikoko erakundeak zerrendatuko dituen erregistro bat sortzea ere aurreikusten du arau berriak. Erregistro hori publikoa eta informatiboa izango da eta erakundeen iraungitzea ere erregistratuko du. Halaber, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko Administrazioko sailetan espazio egonkorrak ezartzea aurreikusten du testuak. Horren bidez, politika publiko bati buruzko eztabaidan edo proposamenean herritarren presentzia artikulatu nahi da. Partaidetza gune horiek aniztasun soziala eta kalitatezko deliberazioa bermatuko dituzte, eta gardentasunean eta gobernu onean oinarrituko dira, betiere aniztasun ideologikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala errespetatuz.

Testuak, 70. artikuluan, herritar guztiei aitortzen die sektore publikoko erakundeekin harremanak izateko eskubidea, beren eskubideak baliatzeko bitarteko elektronikoak erabiliz, informazioa lortze aldera kontsultak egiteko, eskaerak egiteko, ordainketak eta transakzioak burutzeko, eta administrazio egintzak gauzatzeko.

Euskal Sektore Publikoaren lege-proiektua erreferentzia juridiko gisa aurkezten da egungo araudi sakabanaketari eta erakunde antolaketaren konplexutasunari erantzuteko. Era berean, administrazio egiturak antolatu eta sinplifikatzen ditu, kudeaketa figura berriak sortzeko formulak gogortzen ditu  eta erakunde maila guztietan aplikatzeko printzipioen zerrenda definitzen du.

Garamendi Sailburuak azaldu duenez, azken hamarkadetan gizartean, legedian, antolakuntza eta teknologian izandako aldaketek, batez ere Administrazio Elektronikoaren ezarpenaren ondorioz, atzeraezina egiten dute araudia eguneratzea, gobernantzaren antolamenduaren eta funtzionamenduaren erabilerak egokitzeko.

Lege-proiektuak Euskal Sektore Publikoaren perimetroa ezartzen du. Sektore hori euskal administrazio guztietako sektore publikoek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, lurralde historikoetako foru administrazioak eta toki administrazioak barne. Hala, legeak euskal administrazio publiko guztietara zabaltzen du bere aplikazioa, baina, Garamendik zehaztu duenez, “errespetatu beharreko muga legalarekin, arauak beste erakunde batzuen autonomia politikoa baliogabetzen duen foru edo udal antolaketan esku har ez dezan”.

Hizkuntzen erabilera dagokionez, testuak hizkuntza-koofizialtasunaren presentzia handiagoren aldeko apustua egiten du, gure administrazioaren ikur bereizgarri gisa eta haren antolamenduan eta funtzionamenduan presente dagoen printzipio gisa.

Lege proiektuak 80 artikulu ditu, bost titulutan bilduta, bai eta xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ere. Testuak herritarrekiko interakzioaren printzipioak zehazten ditu eta printzipio gidaria herritarrei zerbitzua ematea dela aitortzen du.