Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua Muskizko ertzain-etxean izan da, eta bertan Portugaleteko drogen aurkako operazioaren buru izan den taldearekin bildu da. Segurtasun sailburuak Ertzaintza zoriondu du 600 kilo Marihuana konfiskatzeagatik, drogaren aurkako azken urteetako operazio handienetako bat, hain zuzen.
Arnaldo Otegik Ertzaintzari buruz egindako adierazpenei buruz galdetu diotenean, Segurtasun sailburuak arbuiatu egin ditu adierzpen horiek, izan ere, bere ustez, Ertzaintzaren deskalifikazio generiko bat da eta ez du inolako oinarririk. «Nik ez dakit Otegi jaunak zer datu erabiltzen dituen euskal gizartearen zati handi batek Ertzaintza arbuiatzen duela esateko», gaineratu du. Era berean, Erkoreka lehendakariordeak azpimarratu du Ertzaintzak, euskal gizartearen zerbitzura dagoen polizia demokratikoak, ez duela euskal gizartearen inongo kolektiborik gorrotatzen; horrela, erabat ukatu du Otegik zentzu horretan esan duen baieztapena. Ertzaintza polizia demokratiko eta integrala da, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, eta bere egitekoa da eskubide eta askatasunen erabilera askea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea, herritar guztiona «, azaldu du.
Bestalde, Josu Erkoreka sailburuak ukatu egin du Ertzaintzak eta udaltzaingoek pandemiaren urtean egindako salaketak tramitatzeko espedienteak geldirik daudela. Hala, une honetan milaka salaketa izapidetzen ari direla ziurtatu du, dagokion zehapen-espedientearen bidez. «Herritarren batek noizbait arau-hausteren bat egin eta salaketa-buletin bat egin altxatu badiote, administrazioaren jakinarazpen bat jasoko du lehenago edo geroago, espedientearen tramitazioaren berri emateko eta dagozkion alegazioak egiteko duen eskubidearen berri emateko», adierazi du. Gainera, preskripzio arriskurik ez dagoela argitu du, preskripzioa ekainaren 1etik aurrera hasiko baita zenbatzen.