Barakaldoko KIUBk erreklamazioak online aurkezteko aukera emango du

0

Barakaldoko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) erreklamazioak online aurkezteko aukera emango du gaur, martxoak 15, astelehena, bere webgunearen bidez. Eusko Jaurlaritzaren Kontsumobide Sarearen bulego gisa KIUBren funtzionamenduari lotutako zerbitzu berri hori abian jartzea bat dator Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta herritarrek horrelako prozesuen digitalizazioaren inguruan egiten duten eskari gero eta handiagoari erantzuten dio.

«Zerbitzuaren hasiera efemeride horrekin bat etorrarazi nahi izan dugu, jakin badakigulako zer-nolako garrantzia duten horrelako tresnek egungo egoeran», adierazi du David Solla Barakaldoko Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak. «Herritarren eskura hurbiltasun- eta irisgarritasun-tresnarik jartzen ez badugu, eragin negatiboa izan dezake kontsumoaren arloko eskubideen erabilerak».

Ildo horretan, Inguraldek gogora ekarri nahi izan du osasun-krisiaren lehen faseetatik egindako ahalegina, kontsumitzailearen eskubideen indarraldiari buruzko informazio egiazkoa eta erabilgarria eskuratzeko aukera bermatzeko helburuarekin, baita gaur egungo egoera ezohikoetan ere. Informazio hori Inguralderen webgunean espezializatutako espazioen bidez bideratu zen, eta horiek orrian lehentasunezko lekua izaten jarraitzen dute.

Era berean, online erreklamazio-zerbitzua bat dator digitalizazioaren aldeko apustuarekin; izan ere, aurretik hasia zen, baina pandemiarekin bizkortu egin da. Konpromiso hori behin betiko bultzatu da orain, eta Europako Batzordearen estrategiarekin eta Kontsumitzailearen Agenda Berriarekin lotzen da. Bertan adierazten da beharrezkoa dela «kontsumitzailearen erresilientzia indartzea, susperraldi jasangarri baterako».