COVID OFF: gazte sortzaileak birusaren aurka eginiko ekimena

0

Hezkuntza Sailak eta EiTBk ekimen berri bat jarri dute abian, Covid-19k gizartean eragindako egoera zailaren aurrean ikasleei ahotsa emateko.

Hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako ekimena da, batez ere Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoari. Ekimenaren helburua da ikasleek –ikastetxearen bitartez– bideoak eginez parte hartzea, Covid-19ren aurrean segurtasun eta higiene-neurriak errespetatzearen garrantziaz gizartea kontzientziatzeko.

Hezkuntza-komunitatea ahalegin handia ari da egiten. Hala ere, beharrezkoa da segurtasun eta higiene-neurriak betetzeko beharra azpimarratzen jarraitzea. Orain arte, erakundeak arduratu dira hezkuntza-komunitatea eta, oro har, gizartea kontzientziatzeko kanpainak bultzatzeaz. Ikasleei zuzenean ahotsa emateko unea da.

Ikasturte osoan zehar, ikasleak erantzukizun handia erakusten ari dira Covid-19ren aurrean, eskoletan ezarritako arauak betez, irakasleen gainbegiradarekin. Beraz, zilegi zaie hori bera inori eskatzea: arauen aurrean seriotasuna eta erantzukizuna. Bai ikastetxeko lagunei, bai gizarteari, oro har. Ikasleak ikastetxeko partaide aktibo sentitu behar dira, eta parte diren hezkuntza-sistemako erantzunkide.

Mugikorrarekin, minututik behera

Ikasleen sormena izango da ekimen honetan funtsezko lanabesa. Segurtasun eta higiene-neurriak guztiok bete behar ditugula azpimarratu beharko dute. Mezuak eskolako zein ikastetxez kanpoko jokabideei buruzkoak izan daitezke, parkeetan izaten diren jokabideak, edo adinekoen jarrerari eta abarri buruzkoak. Ikasleek aukeratuko dute formatua: talde handiak, txikiak edo pertsona bakarrekoak. Tonua ere librea izango da: serioa, dokumental txiki bat grabatzea, film labur bat, tonu umoretsuan…

Telefono mugikorrarekin eta grabazioak iraupenean gehienez izan ditzakeen 60 segundoak muga bakar direla, ikasleek irudimena eta sormena garatzeko aukera dute.

Ideia laborategia

Laguntza txiki bat emateko asmoz, COVID OFF ekimenak ideia laborategi bat ere eskaintzen du. Bertan, pandemiarekin zerikusia duten hainbat komunikazio-ekintza batu dira, mundu zabaleko hainbat txokotan garatuak. Bultzada txiki bat, ikasleek euren sormenari zuku guztia ateratzeko beharrezko balitz ere. Egin klik beheko estekan, ideia laborategira sartzeko:

Ideia laborategia – YouTube

Bideoak EiTBn

EiTBk ez du zalantzarik izan COVID OFF ekimenarekin bat egiteko; izan ere, ekimenak Covid-19ren aurka neurriak hartzeko gizarte-kontzientziazioari ekarpen handia egiten dio, gazteen partaidetza oinarrian duela.

Horrela, bideo guztiak www.eitb.eus/covidoff/ webgunean jasoko ditu. Bideo hori bidaltzen dutenek formulario bat bete beharko dute edukia igo aurretik.

Jasotako bideo guztiak webgunean argitaratuko dira, eta EITBk horien aukeraketa bat zabalduko du bere kanaletan: ETB1en, ETB2n eta ETB3n, baita sare sozialetan ere (Telegram, Facebook, Twitter, Instagram eta Youtube). #covidoff traolarekin, erabiltzaileek etiketa horrekin sareetara igotzen duten guztia agertuko da.