DNA laginak hartu zaizkie senitartekoen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko eskubidea onartuta duten familiei

0

Gaur arratsaldean, DNA laginak hartu dizkiete Erorien Haraneko – Cuelgamurosko haraneko basilikako kriptetatik gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskubidea lortu duten euskal familietako kideei.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan, Bilbon, hartu ditu laginak UPV/EHUko Biomics laborategiko lantaldeak, guztira familietako 28 kideren laginak hartu ditu. Beste bi pertsonari etxean hartuko diete lagina, lekualdatu behar ez izateko, eta, beste kasu batean, familiak aurretik eman zion DNA Gogorari.

Azken asteetan, Gogora Institutua familiekin harremanetan egon da emaile izango diren senide egokiak aurkitzeko eta laginak hartzeko lanak koordinatzeko. Lagin horiek, azkenean gorpuak hobitik ateratzea bideragarria den kasuetan, berreskuratutako gorpuzkiekin alderatzeko eta nortasuna egiaztatzeko erabiliko dira.

Gaur egun, 22 euskal familiak lortu dute hilobitik ateratzeko eskubidea aitortzen dien ziurtagiria, 23 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratzeko; estatu osoan 54 dira. Gainera, beste 3 familiak ere hasi dituzte eskubide hori aitortzeko izapideak.