Euskadiko erabilera-lagapeneko lehen kooperatibak ehun bat familiari esleitu dizkie etxebizitzak

0

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatutako erabilera lagatzeko etxebizitzen lehen operazioa aurki gauzatuko da Donostian formula kooperatiboaren bidez. Hala, beste urrats bat emango du astearte honetan, ehun bat familiari esleituko zaizkien etxebizitzen zozketa publikoa eginda. Lankidetza publiko-pribatuko formula bat da, aitzindaria Euskal Autonomia Erkidegoan. Horren bidez, adjudikaziodunak kooperatibako bazkide bihurtzen dira, sarrerako kuota bat eta hileko kanon bat ordainduta.

Hasieran izena eman duten 800 lagun baino gehiagotik, eskatutako baldintzak betetzen dituzten guztira 570ek osatzen dute zozketarako onartutakoen zerrenda. Hain zuzen, zerrenda horrek ezarriko du hautaketa-ordena Donostiako Txomin Enea auzoko etorkizuneko eraikinean bizitzeko izena eman dutenen artean. Irtenbide hori ezartzen den EAEko lehen puntua da aipatutako auzoa. Hortik aterako dira Bizikide S. Coop. izeneko etxebizitza-kooperatiba horretan parte hartuko duten 104 familiak. Eraikina osatzen duten 109 etxebizitzetatik geratzen diren 5 etxebizitzak mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatuta daude, eta zuzenean adjudikatuko dira interesdunak badaude eta baldintzak betetzen badituzte.

Zerrenda osatzen duten pertsonek, beren batez besteko maila sozioekonomikoa dela-eta, zailtasunak dituzte merkatu librean sartzeko, baina, aldi berean, diru-sarrera handiagoak dituzte alokairu babestuko etxebizitzen eskatzaileen batezbestekoak baino. Horrek lehentasuna ematen die beste familia batzuei adjudikazioetan. Errenta ertaineko kolektibo horientzat Etxebizitza sailburuordetzak bultzatutako irtenbideak eskatzen du formula berri horretan sartzea jabetzako etxebizitzarik ez duten eta urtean 39.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pertsonak edo familiak.

Formula horren espezifikotasuna lankidetza publiko-pribatuan datza, hau da: Jaurlaritzak bere jabetzako partzela bat lagatzen du, eta lurzorua erabiltzeko eskubidea lagatzen du 75 urterako. Proiektua lehiaketa publiko baten bidez adjudikatu zen 2019an. Urte horretatik aurrera, Arrasate Taldeak kudeatzen duen Bizikide kooperatibak sustatzen du proiektua.

Zozketa egin ondoren, aurten bertan hasiko dira obrak. Obrek 2020ko urritik dute Donostiako Udalaren eraikuntza-lizentzia. Etxebizitzek, trastelekua eta garajea barne, logela batetik laura bitarte izango dituzte. Guztiek kanpora emango dute, energetikoki jasangarriak izango dira eta barruko espazioen aprobetxamendua optimizatzeko diseinatu dira.

Etxebizitzen adjudikaziodunak kooperatibako bazkide bihurtuko dira, 1.000 euroko sarrera ordainduta, eta, kaudimen ekonomikoa aztertu ondoren, etxebizitzaren eta eranskinen balioaren % 20 eta % 25 bitarteko ekarpena egingo dute. Etxebizitzak erabilera-lagapenean entregatzen direnetik aurrera, bazkideek 600 euroko hileko kanona ordainduko dute batez beste —bizikidetza-unitate bakoitzari esleitzen zaion etxebizitza eta eranskin motaren araberakoa izango da kanona—.Kanon hori maileguaren ordainketa amortizatzeko erabiliko da: obra gauzatzeko, mantentze-lanak egiteko eta komunitate-gastuei aurre egiteko.

Bizikidetik adierazi dutenez, jabetzaren eta alokairuaren arteko bitarteko formula bat da, bi alternatiben elementu positiboak jasotzen dituena. Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jáureguik azaldu duenez, irtenbide hori “Europako hainbat herrialdetan dagoeneko ezarritako aukera da, hala nola Danimarkan, eta erantzun egokia da errenta ertaineko pertsonentzat etxebizitza eskuragarriak lortzeko, merkatu librean eta alokairuko parke publikoan lekurik aurkitzen ez dutenentzat”.