2020-2024 aldirako Gazte Justizia Plana onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuekin eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak, gaur, 2020-2024 aldirako Gazte Justizia Plana onartu duela, EAEk 1996an gai horren inguruko eskumen esklusiboa bere gain hartu zuenetik bosgarrena. Horrela, 14 eta 18 urte bitartean dituzten arau-hausleei zuzendutako prebentzioa, sailen arteko lankidetza eta esku-hartze judizialen kalitatea sustatzen dituen proiektu horren ezaugarrien xehetasunak eman ditu Artolazabalek.»Gazte Justiziaren V. Plan hau gizarte-alarmak indargabetzeko, aniztasunari balioa emateko, estereotipoak gainditzeko, exijentziatik bigarren aukerak sortzeko eta, nola ez, tolerantzian aurrera egiteko tresna bikaina ere izan dadin nahi dugu», adierazi du. 2020-2024 planak haur eta nerabeekin eta haur eta nerabeentzat lan egiten duten erakunde-eremuetatik prebentzioan eragina duten 60 neurri baino gehiago jasotzen ditu.

Sailburuak adingabeen zerbitzuak kudeatzeko egungo eredua defendatu du, eta azpimarratu du, «gure esperientziak eta gazte-justiziaren sistemari forma ematen dioten balioek inspiratzen dutela euskal espetxeen kudeaketa gure gain hartzetik abiatuta definitu eta abian jarriko dugun euskal espetxe-eredua».

Era berean, Gaurko Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskadin Euneiz izeneko unibertsitate pribatu berria sortzeko tramitazio parlamentarioaren prozesua aktibatzea ahalbidetuko duen Lege Proiektuari. Unibertsitate berri honen asmoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatua egotea eta lan egitea, eta irakaskuntza presentziala ematea du helburu. Goi-mailako unibertsitate-hezkuntza eskainiko du, teknologia berrien eta kirol- eta osasun-zientzien arloak integratuz.

Hezkuntza lotuta, bestalde, Gobernu Kontseiluak hizkuntza-normalkuntzarako Ulibarri Programan parte hartzen duten edo hartu nahi duten ikastetxeei zuzendutako 2021-2022 ikasturteko gehieneko diru-laguntzak finkatzen dituen agindua onartu du.Bozeramaileak azaldu duenez, Ulibarri Programa onartzen duten ikastetxe hauetako hizkuntza normalkuntzarako proiektuek euskararen erabilera sustatzea dute helburu nagusi, eskoletako eguneroko eginkizun eta bizimoduan. Deialdi honek, guztira, 1.225.000 euroko diru-kopurua du.

Bingen Zupiria sailburuak jakitera eman du gaurko Gobernu Kontseiluak erabaki duela, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, % 0,9ko lansari-igoera orokorra baimentzea, 2020ko abenduaren 31n indarrean dauden urteko lansarien aldean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, erakunde autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako funtzionarioentzat eta lan-kontratuko langileentzat, bai eta goi-kargudunentzat eta parekatuentzat, behin-behineko langileentzat eta zuzendaritzako langileentzat ere.

Kulturaren arloan, Zupiria sailburuak jakitera eman du, Gobernu kontseiluak, gaurko bileran, 2021.erako euskarazko eta gaztelaniazko edizio-planentzako diru laguntzen deialdia onartu duela. Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 640.000 euro bideratuko ditu literatura edizioa sustatzera.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak arautzen dituen deialdia onartu du gaur. Sailburuak azaldu duenez, helburua sarituek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena egitea da, eta, gainera, sariek artistak eta beraien lana gizarteratzeko helburua ere badute.

Bestalde, Sagardui sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du ez dagoela erlaxatzeko arrazoirik: » Ziurrenik, intzidentzia metatuaren tasen jaitsierak pixkanaka moteldu ondoren, joera aldaketa baten hasieran egon gaitezkela esan dezakegu. Baina aste honetan gertatzen denaren zain egon behar dugu.»

Txertoari dagokionez, Osasun sailburuak berriro helarazi die lasaitasun-mezua euskal herritarrei; izan ere, AstraZenecak emandako 52.760 dosietatik, ez da hauteman bigarren mailako ondorio larririk. Nolanahi ere, sailburuak gogorarazi du Euskadik txertaketa-kanpainarekin jarraitzen duela.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena