Adingabeei zuzendutako prebentzioa, lankidetza eta esku-hartzeen kalitatea sustatzen dituen Gazte Justizia Plan berria onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak, gaur, 2020-2024 aldirako Gazte Justizia Plana onartu du, EAEk 1996an gai horren inguruko eskumen esklusiboa bere gain hartu zuenetik bosgarrena. Bileraren ondoren, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak 14 eta 18 urte bitartean dituzten arau-hausleei zuzendutako prebentzioa, sailen arteko lankidetza eta esku-hartze judizialen kalitatea sustatzen dituen proiektu horren ezaugarrien xehetasunak eman ditu.

Justizia-plan berriaren onarpena bat dator Bilbon adingabeen lehen tutoretza-auzitegiaren sorreraren mendeurrenarekin; gertakari horrek, sailburuaren iritziz, “aurrerapen handia ekarri zuen eremu horretan; izan ere, adingabeen epaitzea jurisdikzio arruntetik atera eta gazte-zigorrari hezkuntza-zentzua eman zitzaion”.

“Akusazioaren eta erabakiaren artean bereizten ez zuen eredu tutelarrak eta paternalistak, urteek aurrera egin ahala, helduen zigor-zuzenbidearen bermeak adingabeentzat aitortzen dituen beste eredu bati eman dio bide”, esan du Artolazabalek. “Ikuspegi berri horrek akusazioko, aukerako, gutxieneko esku-hartzeko, proportzionaltasuneko eta adingabeen interes nagusiko printzipioak aurreikusten ditu, eta hura da V. Gazte Justizia Planaren oinarria”, esan du sailburuak.

2020-2024 planak haur eta nerabeekin eta haur eta nerabeentzat lan egiten duten erakunde-eremuetatik prebentzioan eragina duten 60 neurri baino gehiago jasotzen ditu. “Ekimen horietako asko jasotzen ziren aurreko planean ere, eta emaitza onak izaten ari dira; beraz, lan-ildo horri jarraituko zaio datozen urteotan ere”, esan du Artolazabal sailburuak.

Ekimen horiek haur, nerabe eta gazteetan eragina duten Eusko Jaurlaritzako sei sail inplikarazten dituzte: Hezkuntza, Segurtasuna, Osasuna, Enplegua, Etxebizitza eta Justizia Saila bera, zeinak proiektuaren bultzatzaile- eta dinamizatzaile-lanetan jardungo baitu.

Artolazabalek sailen partaidekidetza justifikatu du; izan ere, “Eusko Jaurlaritzako ekimen, konpromiso eta planetako askok zuzeneko eragina dute gure autonomia-erkidegoko gazte-justiziaren arrakastan”. Jarduketa mota horren erakusle dira Lanbidek kudeatzen dituen enplegua eta lanbide-heziketa sustatzeko programak, gizarteratzeko eta gizarte-zerbitzuetako eta osasuna sustatzeko planak edo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren beraren emakumearenganako indarkeriaren aurkako planak.

Era berean, sailburuak adingabeen zerbitzuen egungo kudeaketa-eredua defendatu du; hartan, titulartasuneko eta kudeaketa publiko-pribatuko zenbait modalitate aurreikusten dira. Zehazki, Euskadiko irabazi-asmorik gabeko lau erakunde (Berriztu hezkuntza-elkartea, Gaztaroan Ekin, Irse de Araba eta Irse Euskadi) arduratzen dira ikastetxeak eta ingurune irekiko zentroak kudeatzeaz.

Haiekin batera, irabazi-asmorik gabeko ehun erakundek baino gehiagok –hala nola Gaztedi, Cáritas, Emaus edo Elikagaien Bankua– eta hainbat udalek elkarlanean dihardute tratamendu anbulatorioekin, gizartearentzako prestazioekin eta kaltea konpontzeko prozesuekin zerikusia duten neurriak gauzatzen, besteak beste.

Artolazabalek haien guztien eginkizunaren balioa nabarmendu du, eta, aldi berean, adingabe eta gazteei zuzendutako neurri guztiak sustatzeko beharra nabarmendu du, “haiek integratzeko oinarrizko eramaile gisa”.

Prebentzioa sustatzea

Nahiz eta V. Planaren pisuaren zati handi bat Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hartzen duen, gainerako sailetan eragina duten neurriak ere garrantzitsuak dira, bereziki prebentzioaren sustapenari dagokionez.

Hezkuntzan, esaterako, prebentzio-osagaia eskola-uzte goiztiarra murriztea eta bazterketa-arriskuan dauden adingabeen eskolatze eraginkorra eta neurri judiziala betetzen duten neska-mutilei hezkuntza-arreta bermatzea helburu duten neurri gehienen azpian dago. Eremu horretatik, era berean, bizikidetzaren kultura eta balioak sustatuko dira, bai eta gatazken konponbide baketsua ere.

Bestalde, Osasun Sailan eragina duten helburuak neurri judiziala betetzen duten adingabe guztientzako osasun-arlorako sarbidea eta arreta bermatzera bideratzen dira, bai eta prebentzio moduan osasun mentalaren, kontsumo problematikoen eta arriskuko sexu-harremanen eremuan esku hartzera ere.

Era berean, Enplegu eta Lana inplikarazten duten neurrien helburua da neurri judiziala betetzen ari diren edo bete duten neska-mutilek Lanbideko programetara sarbidea dutela bermatzea. Eta Segurtasun Sailari dagozkion neurrien helburua adingabeek egin ditzaketen arau-hausteen prebentzio espezifikoan lan egitea da.

Etxebizitzaren helburuak Justizia Sailari neurriak betearazteko bizitegi- eta toki-neurriak ematera bideratzen dira, zehazki Bilbon eta Vitoria-Gasteizen.

“Azkenik, Justizia Sailari Planean sartutako 60 neurrietako askoren buru izatea egokituko zaio, arau-haustea egin denetik zigor-erantzuna betetzen hasteko unera arteko erantzunaren denbora murrizteko. Gainera, sistema informatikoak hobetuko ditugu, fiskaltzekin, talde psikosozialekin, epaileekin eta erakunde publikoekin esku-hartzea hobetzeko”, esan du Artolazabalek.

Aurrekontu handiagoa

Justizia Sailak 100,5 milioi euro bideratuko ditu V. Gazte Justizia Planaren neurriak garatzera; hala, 20 milioi euroan handituko du aurreko planaren aurrekontua. Sailburuak azaldu duenez, “aurrekontua handitu egingo da, funtsean, Arratiako adingabeen zentro berria abiarazi, Txema Finez zentroa handitu eta Bilboko eta Vitoria-Gasteizeko ingurune irekiko zentroetan arreta ematen duten profesionalen plantilla handitu egin delako”.

Guztizko kopuru horretatik, 77,7 milioi Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko zentroen sarearen gastuak ordaintzeko erabiliko dira; beste 7,5 milioi, segurtasuneko gastuak ordaintzeko. Era berean, zentroetako talde psikosozialak eratzen dituzten 33 profesionalen lanaren ondoriozko gastuak 10,6 milioiko partidarekin ordainduko dira. Eta, gainera, 11,7 milioi inbertituko dira EAEn dauden ingurune irekiko bost zerbitzuen programei erantzuteko.

Justiziako titularraren iritziz, datozen urteotarako aurrekontuak “aukera emango du EAEko administrazio orokorraren eskumenekoak diren adingabeen auzitegien ebazpen judizial guztiak betearazteko”. Era berean, kontziliaziorako eta erreparaziorako programetara eta prestakuntza espezializatura jotzeko aukerarako bide emango die Gazte Justizian inplikatuta dauden eragileei.

Joera berriak

EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egin dituen aurreko Justiziako planen ebaluazioak, V. Justizia Plana idazteko oinarri izateaz gainera, agerian utzi du gazte-delinkuentzia pixkanaka murrizten doala, bai eta berrerortze-tasa globala ere, zeina, gaur egun, % 20tik behera baitago. Artolazabalen iritziz, horrek “egiaztatu egiten du hezkuntza-lana eraginkorra izaten ari dela; izan ere, aldaketa esanguratsuak egiaztatu ditugu adingabeen jarreran”.

Ebaluaziotik atera diren beste datu esanguratsu batzuk honako hauek dira: ingurune irekiko esku-hartzea finkatu dela eta neurri irmoen aurrean kontziliazio- eta erreparazio-prozesuak gero eta gehiago erabiltzen direla –10etik 3k osagai hori dute–.

ZERBITZU-TIPOLOGIAK NEURRI JUDIZIALAK BETETZEKO

Euskadin neurri judizialak betetzeko baliabide berezi batzuk daude. Neurri horiek, eskematikoki, bi kategoriatan banatzen dira:

1.- Gazte Justiziako hezkuntza-zentroen sareaGazte Justiziako hezkuntza-zentroen sareak honako neurri hauek bete behar dituzten adingabe arau-hausleak hartzen ditu: barnealdi-neurri irmoa edo kautelazkoa (edozein erregimenetan), asteburuetako egonaldiak eta, salbuespen gisa, elkarbizitzak hezkuntza-taldean.

Zentro horiek hiru mailatan sailkatzen dira:

I maila.- Erantzukizun eta kudeaketa publikoko zentroak dira, eta, haietan, eskubideen inguruko neurri murriztaileenak eta luzeenak betetzen dira.

II maila.- Erantzukizun publikoa eta irabazi-asmorik gabeko erakunde batekin hitzartutako kudeaketa duten zentroak dira, txikiak; haietan, erregimen erdi irekiko eta irekiko neurriak betetzen dira, edo erregimen itxikoak, baina iraupen laburrekoak.

III. maila.- “Autonomia-egoitza” ere esaten zaie; oso txikiak dira (gehienez 6 plaza), eta erkidegoan guztiz integratuta daude, barneratzeen azken faseak erregimen irekian edo erdi irekian betetzeko.

Plazak erabilgarri 2020an:

 

MAILA ZENTROA ERABILGARRI DAUDEN PLAZAK
IBAIONDO hezkuntza-zentroa (mutilak) 39
II URIBARRI hezkuntza-zentroa (mutilak) 16
URGOZO hezkuntza-zentroa (mutilak) 10
ANDOIU/GORBEIA hezkuntza-zentroa (neskak) 16
TXEMA FÍNEZ hezkuntza-zentroa (mutilak) 24
ARRATIA hezkuntza-zentroa (mistoa) 20
III Autonomia Egoitza BILBO (mistoa) 6
PLAZAK, GUZTIRA 131

 

2.- Ingurune irekiko zerbitzuak

Bi modalitate daude:

a) Eguneko zentroak: 10:00ak eta 17:00ak bitartean prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak egiteko eguneko zentrora bertaratzeko neurriak betetzea.

EAEko eguneko zentroen sareak 48 plaza zenbatu zituen 2020an.

 

ZERBITZUAK Arreta jaso duen biztanle-kop. (mistoa)
ZABALIK EGUNEKO ZENTROA (BIZKAIA) 22
IREKI EGUNEKO ZENTROA (GIPUZKOA) 18
URIBARRI EGUNEKO ZENTROA (ARABA) 8
Plazak, guztira 48

 

b) Ingurune irekiko ekipoak: zaintzapeko askatasunak betetzea, gizarte- eta hezkuntza-eginkizunak egitea, gizartearentzako prestazioak, tratamendu anbulatorioak eta asteburuko etxeko egonaldiak. Zerbitzu horien kudeaketa irabazi-asmorik gabeko elkarteekin hitzartuta dago.

Ingurune irekiko zerbitzu guztiak hezitzaileek eta zerbitzuko arduradunek eratzen dituzte. Pertsona horiek arduratzen dira, zuzenean, ingurune irekiko neurriak betearazteaz, neska eta mutil bakoitzarekin eta haren ingurunearekin duen hezkuntza-harreman pertsonalaren bidez.

2019an, ingurune irekiko neurriak 2.982 izan dira, neurri irmo guztien % 75. Talde horren barruan honako hauek nabarmentzen dira: zaintzapeko askatasuna, gizartearentzako prestazioak eta gizarte- eta hezkuntza-eginkizunak egitea. EAEko ingurune irekien plantilla eratzen duten 29 pertsonek 15 adingabera arte artatu edo artatzen dituzte.

 

ZERBITZUAK Plantilla
INGURUNE IREKIA BIZKAIA 16
INGURUNE IREKIA GIPUZKOA 8
INGURUNE IREKIA ARABA 5