Urkullu Euroeskualdearen Batzarreko buru izan da, sortu zeneko hamargarren urteurrenean

0
Fuente: Irekia

Iñigo Urkullu lehendakaria Akitania Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdea 2021ean egin duen urteko lehen biltzarreko buru izan da gaur arratsaldean, bere sorreraren hamargarren urteurrenean, hain zuzen. Bileran izan dira, halaber, Maria Chivite Nafarroako presidentea eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea, bakoitza bere ordezkaritzaren buru dela. Bilera telematikoki egin da, Gasteiz, Iruña, Bordele eta Hendaiaren arteko konexioekin.

Euroeskualdearen Batzarra sortu zeneko hamargarren urteurrena dela eta, Lehendakariak azpimarratu du hamarkada honetan Euroeskualdeak osaera- eta egitura-aldaketetara egokitzen jakin duela, eta, gaur egun, proiektu finkatua dela, lehen eguneko misioari, balioei eta anbizioari eusten diena, erkidegoen mugaz gaindiko topaketaren eta garapenaren alde. Urteko deialdien bidez 140 proiektu, 10 lankidetza estrategiko eta 7 europar sare bultzatu dira. » Hamar urte hauetan Euroeskualdeak tamaina eta eragiteko gaitasuna irabazi ditu. Gure proiektuaren erakundetzean aurrera egin dugu, sendotasuna irabazi dugu. Aurrera begira, Estatuekin eta Europar Batasunarekin dugun hartu emana hobetzen jarraitu nahi dugu», adierazi du.

Egungo pandemiaren testuinguruan, Lehendakariak esperientzia honetatik ikasitako lezioetako bat nabarmendu du: elkarrekin lan egiteko beharra. «Hori da Euroeskualdearen espiritua hamargarren urteurrenean», gaineratu du.

Gainera, Lehendakariak gogora ekarri ditu, beste behin ere, Covid-19aren ondorioz hildako pertsonak eta haien familiak, baita pandemia honetan herritarren osasuna, segurtasuna eta ongizatea bermatzeko guztia ematen ari diren funtsezko zerbitzuetako profesionalak ere. Hala, omenaldirik onena norbanakoaren eta talde erantzunkidetasunari eustea dela esan du, egoera hau behin betiko gainditu arte. «Urte luze batez ahalegin handia egin dugu, mantendu egin behar dugu eta prebentzio eta autobabeserako neurriak betetzen jarraitu. Ezin dugu atzera bueltatu «, adierazi du.

Batzarra

Bilera hasi aurretik, Euroeskualdeko instantzia batzuk berritu dira, besteak beste, Euskadik Batzarrean dituen ordezkaritza-karguak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko uztailaren 12an egin ondoren Eusko Jaurlaritza berria eratzearen ondorioz. Hala, gaur, Lehendakariarekin batera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza izan dira.

Batzarrean, 2020ko jardueren balantzea egin da eta aurtengo aurrekontu-orientabideak aztertu dira. Gainera, topaketan pandemiak (bereziki, mugaren itxiera) mugaz gaindiko herritarrengan dituen ondorioak aztertu dira, eta 2021-2027 Euroeskualdearen Plan Estrategikoa berritzeari ekin zaio.

2020ko jardueren balantzeari dagokionez, agerikoa da koronabirusaren pandemiak Euroeskualdearen bizitza baldintzatu duela. Bereziki larria izan da muga ixtearen eragina, btez ere Hegoalde eta Iparraldearen artean bizi diren herritarrentzat, mugaren bi aldeetan lan egiten duten enpresentzat eta mugaz gaindiko lankidetza-proiektuan parte hartzen duten bazkideentzat. Ondorioak agerikoak izan dira, familia-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-harremanak geldiarazita geratu dira. Hala islatu da Euroeskualdeak berak, mugaz gaindiko herritarren eta mugaz gaindiko proiektuetako bazkideen artean 2020ko ekainean egindako inkestetan.

Lehendakariak, Euroeskualdeko presidente gisa (2020ko martxotik), Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariei zuzendu zaie, 2020ko ekainean eta duela bi hilabete eskas.

Pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, Euroeskualdeko jardueren 2020ko balantzea positiboa izan da.

2020an, bi deialdi egin dira, 900.000 euroko aurrekontu orokorrarekin. Horiei esker, 19 proiektu jarri dira abian kultura, gazteen mugikortasuna, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna eta kirola arloetan, bai eta 7 proiektu ere aeronautika eta fabrikazio aurreratuan, biozientzia/osasunean, nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industrian eta itsasoko eta itsasertzeko baliabideetan. Gainera, 7 lankidetza estrategiko garatu eta berritu dira eta beste lankidetza bat sinatu da.

Azkenik, nabarmentzekoa da Euroeskualdearen barruan 2021-2017 aldirako Euroeskualdearen Plan Estrategiko berri batez hornitzeko hasitako prozesua. Plan horren helburu nagusiak, besteak beste, jasangarritasuna, digitalizazioa, gizarte-kohesioa eta enplegua izango dira, Europar Batasunaren politikekin bat etorriz eta susperraldi ekonomikoa ardatz hartuta. Iaz, plan hori eguneratzeko lanak hasi ziren, eta uda baino lehen onartzea eta aurkeztea da helburua.

Euroeskualdea

1992an, Nafarroak, Akitaniak eta Euskadik lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, bakoitzak bere eskumenen esparruan harreman instituzionalak garatzeko, interes komunak lortzeko helburuarekin. Hala ere, 2000. urtetik aurrera Nafarroak lankidetza horrekin jarraitu zuen aldebiko hitzarmenen bidez. Bitartean, Euskadik eta Akitaniak, hasierako protokolo horretatik abiatuta, aurrera egin zuten Erkidegoko zuzenbideak araututako beste lankidetza-egitura baterantz. Egitura horrek nortasun juridikoa du, eta bere kideen artean, mugaz gaindiko lankidetzaz gain, eskualdeen arteko eta nazioz gaindiko lankidetza sustatzea du helburu. Horretarako, 2011n, Lurralde Lankidetzarako Europako Taldea (AECT) sortu zuten, «Akitania/Euskadi euroeskualdea» izenekoa. 2016an Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak integratu eta Nafarroa sartu ondoren, 2017ko martxoan gauzatu zena, Elkarteak Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdea izena hartu zuen.