Amaia del Campo Barakaldoko alkateak gaur goizean azpimarratu duenez, udalerriak enpresa teknologiko aurreratuen ekosistema bat garatzeko konpromisoa hartu du, egungo eredu ekonomikoa jasangarritasunera igarotzeko. Del Campok TECH Friendly enpresari egindako bisitan egin ditu adierazpen horiek, udalerriko enpresa-sarearekin egiten ari den bilera-sortaren barruan, bere egoera ezagutzeko eta Udalak bere beharrei erantzuteko duen babesa eta prestutasuna erakusteko.
«Ekonomia zirkularrak eta iraunkorrak, balio erantsi handiko zerbitzuetan oinarrituak eta berrikuntza teknologikoarekin lotuak, gure etorkizunaren oinarria izan behar du», ziurtatu du alkateak. «TECH Friendlyrenak bezalako proiektuek Barakaldon helburu hori lortzeko urrats seguruak emateko gaitasuna, talentua eta baliabideak ditugula erakusten dute».
Bileran, Amaia del Campoz gain, David Solla Barakaldoko Ekonomia Sustapeneko zinegotzia, Olatz Goitia BEAZeko zuzendari nagusia eta Imanol Cuétara SPRIko Enpresa Garapen eta Ekintzailetzako arduraduna izan dira. Enpresak Udal Elkartegian dituen instalazioak bisitatu ondoren, Illgner eraikinera joan da segizioa. Bertan, enpresaren bi bazkideek, Sergio Sernak eta Gonzalo Pellejerok, konpainiaren ibilbidea, egungo testuingurua eta etorkizuneko ikuspegia aurkeztu dituzte.
«Bidaia bizia izan da, eta urtebeteren buruan ekipoa eta fakturazioa bikoiztu ditugu», ziurtatu du Sernak. «TECH Friendlyk Hiri Berrikuntzari begirada berri batetik heltzeko apustu irmoa egin du, gure hiri eta lurraldeen eraldaketari estrategiatik helduz», adierazi du Pellejerok.
Gaur egun, TECH Friendlyk 100 hiri baino gehiagori laguntzen die hiri-agenda eta eraldaketa adimenduna ezartzeko prozesuetan, eta estatu-mailan kokatu da Erosketa Publiko Berritzailea (CPI) edo Smart City bezalako tresnen integrazioan. Halaber, hiri adimendunen esparruan estatuko proiektu garrantzitsuenetako batzuen buru da, eta, gainera, Spin-Off bat sortzea sustatu du ikuspen artifizialaren eta IoT muntaketa eta fabrikazioaren eremuan.
Bere bazkide fundatzaileen arabera, barakaldarren ingeniaritza honek Hiri Berrikuntza modu integralean lantzen du, estrategia geruzan diziplina anitzeko talde batekin eta irtenbide aurreratuen diseinutik hiri zerbitzuen eraldaketa digitalari aurre egiten dion ingeniaritza talde indartsu batekin.