Neguko azken egunetan Euskadin tenperatura oso baxua izango da

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du biharko, osteguna, martxoak 18, 00:00etatik 09:00etara elurragatik, 800-1.000 metrotik gorako kotan, eta ostiralerako, martxoak 19, 00:00etatik 24:00etara; orduan, elur-maila 1.000 metrotik 500-700 metrora jaitsiko da arratsaldean. Era berean, tenperatura asko jaitsiko da EAE osoan, eta izotza egingo du barnealdean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar ostegunetik aurrera, aire-masa artiko hotz bat iritsiko da, tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta, haizearen intentsitatearekin batera, sentsazio termikoa negu betekoa izango da. Eguraldi aldaketa hau negu astronomikoaren amaierarekin batera etorriko da, zeina datorren larunbatean, martxoaren 20an izango den.

Tenperatura maximoak 4-8°C ingurukoak izango dira barnealdean eta 7-10°C ingurukoak kostaldean; tenperatura minimoak, berriz, -1°C eta 2°C artekoak barnealdean eta 3°C eta 5°C artekoak kostaldean. Iragarpenen arabera, egunik hotzenak martxoaren 20a, larunbata, eta 21a, igandea izango dira. Litekeena da astelehenetik aurrera tenperaturak pixkanaka gora egitea.

Prezipitazioei dagokienez, bihar, osteguna, oro har, txikiak izango dira, sarriagoak eta ugariagoak egunaren lehen partean eta kantauri isurialdean; baliteke goizaldean prezipitazioak ertainak izatea. Elur-maila 800-1.000 metroan egongo da.

Ostiralean, martxoak 19, prezipitazioak txikiak edo ertainak izango dira, eta iraunkorrak goizean zehar. Hasiera batean elur-kota 1.000 metro inguruan kokatuko da, baina arratsaldean 500-700 metrora jaitsiko da. Bi egun horietan 5 eta 18 zentimetro arteko elur-lodiera espero da 1.000 metroko altueran eta, gehienez, 2 zentimetro 600 metroko altueran.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.