Eusko Legebiltzarrean Etengabeko Arreta Guneen inguruan duen estrategia azaltzeko agerraldia egin du Osakidetzak

0
Fotografía: EITB.
PRUEBA

 Víctor Bustamante Osakidetzako Osasun-laguntzako zuzendariak agerraldia egin du, gaur, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean, Osakidetzak etengabeko arreta-guneen inguruan duen estrategia azaltzeko. Bustamanterekin batera, Susana Martín Lehen Mailako Arretako zuzendariordea izan da.

Etengabeko arreta-guneak baliabide garrantzitsua dira Osakidetzaren sarean; izan ere, zerbitzu azkarra eta herritarregandik hurbila eskaintzen dute atzeratu ezin diren beharrei arreta emateko, nagusiki gaixotasun kronikoak dituzten pazienteenei, baina baita arreta azkarra eta tratamendua behar dituzten arazo akutuak dituzten pazienteenei ere.  Etengabeko arreta-guneen eginkizun nagusia osasun-zentroek ixten duten ordutegi-tarteetan zerbitzua ematea da.

Gaur egun, Euskadik 40 etengabeko arreta-gune ditu, guztira: 13 Gipuzkoan, 4 Araban eta 23 Bizkaian.

Pandemiaren eraginez, berrantolatu egin behar izan da ia osasun-zerbitzu guztien funtzionamendua, baita EAGena ere. Kasu batzuetan, gune horiek irekitzeko ordutegia aldatu behar izan da, nahiz eta, berez, heterogeneoak diren, lurralde bakoitzeko berezko ezaugarri geografikoen ondorioz. Hala egin da, eskari asistentzial handiagoa izan duten lekuei erantzuteko. Adibide bat Deustuko EAG da; bertan, gauez, etxeko arreta eskaintzen da, eta ez aurrez aurrekoa. Bustamantek gogorarazi du zerbitzua batez beste 5 kasu ari zela artatzen gauero eta, beraz, egokitzat jo dela baliabide honen pertsonalak eskari handiagoko beste zerbitzu batzuetan jardutea.

 “Edozein sistema publikoko baliabideak mugatuak dira, eta eraginkortasunez kudeatu behar dira”, azaldu du. Osasun-laguntzako zuzendariak, halere, une oro herritar bakoitzaren kalitate asistentziala bermatu dela azpimarratu du, bizitoki duen udalerria edo auzoa gorabehera.

Nolanahi ere, pandemia inflexio-puntua izan da, eta Osakidetzak, puntu horretan, etengabeko arreta-ereduaren inguruan hausnartu eta EAGen ordutegia ezartzeko irizpide bereziak zehaztu ahal izateko estrategia planteatu behar izan ditu. Irizpide horien arabera, arreta jasotzen duen erreferentziazko biztanleria hartu behar da kontuan, baita EAGren eta erreferentziazko ospitalearen arteko distantzia eta baliabide horretara jotzeko maiztasuna ere.

Osasun-laguntzako zuzendariak gogora ekarri duenez, Osakidetza prestatzen ari den estrategia abiapuntua besterik ez da, negoziatzeko dagoen dokumentua.

Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a