Holokaustoko biktima barakaldarren helbideak aurkitzen ahalegintzen ari da Barakaldo

0

Uste baino gehiago itxaron beharko du Barakaldok kaleetan holokaustoaren biktima barakaldarrak omenduko dituen galtzada-harriak ikusteko. Gaur goizean eman du Alkatetzako zinegotzi Gorka Zubiaurrek berria Alkatetzako batzordean; bertan azaldu zaizkie batzordekideei stolpersteiner izeneko adokinen egile alemaniarrak jakinarazitakoak.

Joan den abenduan jarri zen Udala egilearekin harremanetan, Foruen pasealekua izan zela adokinak jartzeko Udalak aukeratutako lekua jakitera emateko.  Memoria Historikoaren Batzordeak ontzat eman zuen Udalaren proposamena; ez du, ordea, egileak begi onez ikusi proposatutakoa, eta adierazi du nahiago duela nazismoaren biktimak bizitu ziren tokietan jartzea.  Horrela, bada, non bizitu ziren ikertzen hasi da Barakaldo, eta oraingoz, Memoria Historikoa  berreskuratzeko proiektuak omenduko dituen 12 biktimetatik 8ren etxebizitzak aurkitu ditu.

«Zaila da egitekoa, oso informazio gutxi dagoelako, eta jatorrizko etxeetako asko orain ez daudelako. Foruen pasealekuan jarriko ditugu, beraz, bizitokia aurkitzerik ez dugunei dagozkien adokinak «, iragarri du Zubiaurrek.

Horrez gainera, koronabirusaren pandemia dela eta, Barakaldora etorrera atzeratu egingo duela iragarri du adokinen egileak.