Eskualdeetako Lantaldearen Osoko Bilkuran parte hartuko du Marian Elorzak

0
PRUEBA

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritza ordezkatu du egunotan Europako Eskualdeetako Lantaldeak telematikoki antolatu duen osoko bilkuran.

Besteak beste, osoko bilkura EBko ordezkari gorenekin zenbait gairi buruz ari da eztabaidatzen: pandemia; Europaren demokrazia eta berreskurapena; Europako Itun Berdea eta Berritze Bolada; migratzaileen integrazioa eta erradikalizazioaren aurkako borroka; merkataritza eta EBren berreskurapena, eta EBko gutxieneko soldata egokiak.

Oraingoan, Eskualdeetako Lantaldeak elektronikoki bozkatzeko jarri ditu 8 irizpen; Euskadik 11 zuzenketa aurkeztu dizkie irizpen horiei.

«Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun Berria» irizpena dela eta, Eusko Jaurlaritzak defendatzen du, Share proposamenaren ildotik –bere proposamena–, migratzaileen harrerarako eta integraziorako ahalegina banatzeko gakoak ezartzea, biztanleriaren, langabeziaren eta errentaren parametroetan oinarrituta; babes komunitariorako programak ezartzea; jatorrizko herrialdeekiko laguntza- eta lankidetza-politikak; integrazio-arloko jardunbide egokiak zabaltzea, eta gizarte-sentsibilizaziorako eta -kontzientziaziorako zabalkunde-kanpainak sustatzea.

Bestalde, «Merkataritza-politikei buruzko azterketa» irizpen-proiektuan, Euskadiren proposamenak honako hau defendatzen du: balio-kateen mapa prestatzeko eskumena duten eskualdeko erakundeak aintzat hartzea eta haiek ETEei kanpo-merkatuetara sartzen laguntzeko betetzen duten rola sendotzea.

Azkenik, «2025erako Europako Hezkuntza Espazioa lortzea» irizpena dela eta, Eusko Jaurlaritzak desparekotasunen jatorritik datozen desberdintasunak murrizteko beharra defendatzen du, hezkuntzarako sarbidean ez ezik, hezkuntza-sistemako mailetan irauteko aukeretan ere. Jaurlaritzak irakasleak hautatzeko eta ebaluatzeko prozedura eraginkorrak erabiltzeko beharra nabarmendu du, eta eskola-jazarpena aipatu du eskola-ingurune segururako arriskuen artean.