Festetan eta botiloietan parte hartzeagatik bi atxilotu eta berrogeita hamar bat isun

0

Ertzaintzak berrogeita hamar bat pertsonari jarri die isuna Covid 19ari aurre egiteko osasun-araudia ez betetzeagatik, hainbat festa eta botiloitan parte hartzen ari zirenean. Era berean, bi gazte atxilotu dituzte. Horietako bat Donostian festa batean parte hartzen ari zen eta, identifikatu dutenean, egiaztatu dute atxilotzeko epailearen agindu bat zuela indarrean. Bigarren arrastatuak goizaldean ertzain bati eraso egin dio Bilboko lonja batean, lagunartean alkohola kontsumitzen ari zenean.

Atzo, larunbata, arratsaldeko bost eta erdiak aldera, pertsona batek Ertzaintzara deitu zuen Amezketa Bidean hainbat jende festan ari zela esanez. Adierazitako lekura hurbildu ziren patruilek hogei bat pertsona aurkitu zituzten, eta identifikatu ondoren isuna jartzeko proposatu zituzten.

Arratsaldeko zortziak jota, Ertzaintzari jakinarazi zioten Durangoko bizitza bakarreko etxe batean festa bat egiten ari zirela. Ertzainek 10 pertsona aurkitu zituzten etxeko lorategian, eta Covid 19ari aurre egiteko osasun-araudian ezarritako murrizketak ez betetzeagatik zehatu zituzten.

Bestalde, bart gaueko hamaikak aldera, Ertzaintzak jakin du festa bat egiten ari zirela Donostiako Loiola-Zorroaga auzoko etxe batean. Etxera hurbildu diren polizia-dotazioek Frantziako eta Portugalgo nazionalitatea duten eta festan ari ziren 17 pertsona aurkitu dituzte. Gazteei isunak jarri dizkiete Euskal Autonomia Erkidegora etortzeko arrazoia aisialdia izateagatik eta lau pertsona baino gehiago elkartzeagatik. Gazte horietako bat atxilotu egin dute, Cartagenako epaitegi batek atxilotzeko agindua emanda baitzuen.

Azkenik, gaur, igandea, goizaldeko ordu bata baino lehentxeago, ertzainak Bilboko Santutxu auzoko lonja batera agertu dira, partikular batek deitu baitu lokalean oihuak eta musika entzuten zirela esanez. Lokalean bost pertsona aurkitu dituzte alkohola kontsumitzen, eta isunak jarri dizkiete. Horietako batek, 21 urteko emakumeak, ez du identifikatu eta maskara jarri nahi izan, eta, gainera, ertzainak iraindu ditu. Portaera horren aurrean, desobedientzia larria leporatuta atxilotu dute, eta ertzain bati eraso ere egin dionez, agintaritzaren agentearen aurkako atentatua ere leporatuta diote.