Oka ibaia Forua eta Kortezubitik pasatzen den eremuan oinezko eta bizikletentzako pasarela bat egokitzeko lanak amaitzear dira

0

Forua eta Kortezubiko udalerrietan oinezko eta bizikletentzako pasarela bat eginez, beste pauso bat eman da Urdaibairen babeserako eta garapen jasangarrirako ezarritako helburuak betetzeko. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa den Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak sustaturiko obra da; Urdaibairen oinezko konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat egiteko ekintzetako bat, hain zuzen (horien artean, oinezkoentzako ibilbide bat egin berri da Kanalan).

Obra egin den eremuan, Oka itsasadarreko ezkerraldea zeharkatzen duen pasealeku bat dago, baina, azken urteetan, higatuz joan da, itsasaldien eta ibaiaren joan-etorrien eraginez. Foruko Udalarekin batera egindako lanen bitartez, lurpeko uren pasabidea kendu da, aire zabalean utzi da Baldatika ibaiaren ibilgua, ibaiertzak leheneratu dira bioingeniaritzako tekniken bitartez, eta ibilgu berriaren bi ertzak elkartzen dituen zurezko pasarela bat egin da, oinezkoak ibili ahal izateko.

Urdaibai Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren barruko ekintza da, eta Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eraman du aurrera. Hain zuzen, UNESCOren MaB programan oinarritzen dira estrategiaren helburuak: klima-aldaketaren eragina arintzea emisioak murriztuz, Urdaibai Biosfera Erreserban mugikortasun mantsoa sustatzea, eremua osatzen duten herrigune guztietara oinez edo bizikletaz iristeko aukera ahalbidetzea eta itsasadarraren mendebaldeko eta ekialdeko ertzak lotzea.