Antonio Aiz: «Klima-aldaketaren aurrean lurralde-erronka nagusia dugu ura behar den kantitatean eta kalitatean bermatzea»

0

URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek gaur goizean, martxoaren 22an, Uraren Mundu Egunean, Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Euskadiko uraren arloko gaurkotasuneko gai hauek nabarmendu ditu:

«Klima-aldaketaren aurrean lurralde-erronka nagusia dugu ura behar den kantitatean eta kalitatean bermatzea».

«Ura bizitza da. Ura zaindu egin behar da, tentuz artatzea dagokigu. Funtsezkoa da pertsonen hornidura bermatuta izatea, urari esker garapen ekonomikoari laguntzea eta ur-baliabideak modu iraunkorrean zaintzea. Aldi berean, urak, noizbehinka, uholde edo lehortez jantzita ekar lekarzkeen  arriskuei aurrea hartzea dagokigu».

«Edaten dugun urak duen benetako kostuaren azpitik ordaintzen dugu, uraren ziklo integralaren gastu guztiak aintzat hartuko badira. Ez ditugu kostu guztiak uraren prezioan ordaintzen; nahiz eta Europako zuzentarauek horrela jasanarazi behar direla adierazten duten «.

«Kasuistika zabala dago Euskadin uraren truke ordaintzen diren prezioetan. Leku batzuetan ia ez da ordaintzen; beste leku batzuetan metro kubikoa 2 eurotik gora ordaintzen da. Gogoeta egin beharra dugu. Uraren kostuak ezin dira aurrekontu publikoen bidez ordaindu, eta pixkanaka tarifak (eta tarifan islatzen den kudeaketaren kostuen norainokoa) parekatu behar ditugu lurraldean».

«Gaur egun, Euskadin 114 litro ur kontsumitzen ditugu pertsonako eta eguneko. Duela 20 urte, 150 litro inguru behar genuen. Herritarrak ura zuhurtziaz erabiltzearen  garrantziaz jabetzea garrantzitsua izan da oso. Eta hornidura-sistemak hobetu egin dira, beren beregi, banaketa-sareetako ihesen kontrolean «.

«Araban, agorraldian, hornidura bermatzeko zailtasunezko eremu batzuk izan badira: ondorioz, gehiegizko ur-ustiapena gertatzen da, Baia kasuan bezala. URAen helburua da Baia edo Sobronen hornidura hobetzeko proiektuak sustatzea. Proiektu horietarako, Europaren finantzaketa bilatuko da, eta agorraldiko tentsio horiek gainditu ahal izango dira «.

«Isurketei dagokienez, Oiongo orban beltz ohia konpondu da eta Aguraingo araztegi berria aurki jarri ahalko da. Baina orban beltzak ditugu,  oraindik ere,  Nerbioi Garaian, non ur beltzak garbitu gabe isurtzen diren. Era berean, Alegria inguruko saneamendua konpondu behar da, Zadorrako urtegien sistemara isurtzen baitira. Era berean, Gasteizko hegoaldeko ibaien proiektuari ekiten zaionean, tratatutako hondakin-urak Zadorrara hobeto itzuliko dira».

«Halaber, Moreda, Artzeniega, Manzanos eta Legutioko EDARen proiektuetan lan egiten ari gara, erabilitako ura ingurune hidrikora itzultzea hobetzeko funtsezko azpiegiturak aurki egikaritzeko».

«Aurrerapen handia egin da industria-jardueran uraren erabileraren murrizketan, eta hobekuntza nabarmena izan da ura ingurunera bueltatzean. Hobekuntza lortzeko,  industria-sektoreak berariazko arazketa-sistemetan egindako inbertsioa  funtsezkoa izan da».

«Zehapen-espedienteak ezartzen dira bete beharreko araudia urratzen denean eta erantzukizuna hartzen denean. Baina zigortzea ez da helburu bat. Lehenengo gauza kontzientziatzea da. Polizia-lana beti egongo da hor, eta beharrezkoa izango da irizpide ekologikoak urratzen dituzten jarduerak gaitzestea. Baina, izatez, ahalik eta zigor gutxien ezartzea lortu beharko genuke: uraren erabileran erantzule eta zuhur izaten ari garen seinale».

«Araban uraren kudeaketa jasangarri, bidezko eta efizientea lortzeko ahulguneetako bat da erakunde kudeatzaileen arteko gehiegizko zatiketa eta atomizazioa: masa kritiko nahikoa eta beharrezko eskala-ekonomiak lortzea eragozten baitu. Arabako uraren ziklo integralaren efizientzia hobetzen ari da, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, lurralde osoan  kudeaketa-hobekuntzarako urratsak emanez».

«Ondo egiten ari dena aintzat hartu behar dugu, inor kanpoan gera ez dadin. AMVISAren lan ona aprobetxa daiteke gainerako lurraldeak ere,  uraren ziklo integrala bermeekin kudeatzeko; hori egiteko gai den erakunde kudeatzaile kaudimendun batean integratuz».

«URA lanean ari da Gobea- Krispijana tartean Zadorrako uholdeei  aurre egiteko lanen proiektuaren IV. fasea idazteko. Udalari dagokio Yurre eta hiriaren iparraldetik sartzeko autobiaren arteko bideratzearen irtenbidea definitzea. Biak ala biak egikaritutakoan,  Gasteizen nabarmen handituko da uholdeekiko  erresilientzia».

«Era berean, Gasteizko Hegoaldeko ibaien proiektuko obrak, jendaurrean jarri ondoren, lizitatu eta 2021ean hasiko dira, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan jasotzen den bezala».

«Zallako dikea irtenbide ona da azpiegitura kritikoetan uholdeak saihesteko, hala nola, aireportuko kontrol-zentroan. Aldi berean, SPRIk, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak industrialde bat sustatzen lagunduko du. Irtenbide hidrauliko ona da, uholdeen eraginari aurre egingo die, aireportua bezalako oinarrizko azpiegitura babestuko du eta industria-garapen handia ahalbidetuko du «.

«Urbeha garatzen ari den proiektu esperimental bat da, eta , hondakin uretan, SARS Cov-2ren material genetikoaren hondarren presentzia zehaztea du helburu, COVIDen bilakaera epidemiologikoaren adierazle goiztiar gisa, Osasun Publikoko erabakiak hartzeko zerbitzura».