Euskadik berdintasunean dituen jardunbide egokiak erakutsi ditu

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak Euskadiko eta Flandriako gobernuek antolatutako ekitaldi birtual batean parte hartu du. Bertan, Europako eskualdeetako gobernuek emakumeen ahalduntzeari eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunbide egokiak erakutsi dituzte. Ekitaldi hori Nazio Batuen Erakundeak urtero antolatzen duen Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen 65. saioarekin batera egin da, zeinaren aurtengo gai nagusia emakumeek partehartzea erabakiguneetan izan den. Ekitaldi horretan parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzako sailburuarekin batera, Barne Arazoetako, Administrazio Gaietako, Integrazio zibikoko eta Aukera Berdintasuneko Flandriako ministroak, Bart Somersek, eta  New Yorkeko Udaleko kanpo harremanetarako komisarioak, Penny Abeywardenak.

«Local and Regional Governments at the Forefront of Women Empowerment» (Emakumeen ahalduntzearen abangoardian dauden tokiko eta eskualdeko gobernuak) izenburupean, Artolazabalek euskal erakundeek arlo horretan sustatu dituzten jardunbide egokietako batzuk ezagutarazi ditu, hala nola Emakundek sortu zenetik emakumeen elkarteei ematen dizkien diru-laguntzak, elkarteek Eusko Jaurlaritzarekin harreman zuzena izateko organo baten existentzia, Emakunderen Aholku batzordea, eta Emakundek EUDELekin batera bultzatzen duen Virginia Woolf Basqueskola, euskal emakume hautetsien espazio propio bat, zeinean jasotzen duten prestakuntza, ahalduntzerako tresnak eta zeinetan aliantzak egiteko aukera duten, beti ere, auren eragin politikoa bultzatze aldera.

Sailburuak adierazi du duela 25 urte egindako Emakumeari buruzko Nazioarteko IV. Konferentzian erabaki zela, emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dagoela berdintasunik, eta azpimarratu du euskal berdintasun-politikak beti egon direla lerrokatuta helburu horrekin eta arlo horretako nazioarteko esparruekin. Hala, emakumeen ahalduntzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren ardatzetako bat dela azpimarratu du. Plan hau EAEko erakunde guztiek berdintasunaren arloan duten ibilbide-orria da.

Artolazabalen hitzetan, «ez gara soilik ari emakumeek politikan eta erabakiak hartzerakoan parte hartzeko duten eskubideaz, politika egiteko beste modu batez ere hitz egiten ari gara, gure ustez posible dena».

Sailburuak euskal berdintasun-politiken mugarri nagusiak errepasatu ditu, eta aipamen berezia egin dio 2005ean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartzeak Euskadin berdintasunaren alde eragin duenari. Zentzu horretan, legearen hurrengo aldaketa ekarri du gogora, izan ere,  adierazi duenez, «berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko itun handi bat bultzatuko duela espero dugu, eta berdintasun politiketarako baliabide pertsonal, ekonomiko eta materialak indartuko dituela».

Gaurko ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak EEBBetan duen ordezkaritzak eta Emakundek batera egindako lanaren eta Flandriako Gobernuaren izandako lankidetzaren emaitza izan da.