Eusko Jaurlaritzak «On egin» bonuak aurkeztu ditu

0

Covid-19ak ondorio negatiboak izan ditu Euskadiko elikadura katearen azpisektore askotan; hori dela eta, ekimen honen bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Hazi Fundazioak laguntza eman nahi diete kalitate bereiziko elikagaiak eta edariak ekoizten dituzten lehen sektoreko eragileei.

Eusko Jaurlaritzak «On egin» bonuak sustatzen ditu ekoizpen eta erauzketa sektoreari, txikizkako merkataritzari eta zuzeneko salmenta kanalei zuzenean mesede egiteko, eta ekainetik aurrera Euskadin ostatuak eta kontsumo egonaldiak eta esperientziak dinamizatzeko.

Produktuen erosketetan gastatutako 100 €-ko, 50 €-ko deskontua lortu ahal izango da turismo ostatu batean; beraz, elikaduraren sektorea bultzatu ez ezik Euskadiko egonaldiei lotutako jarduera sozioekonomikoa dinamizatu nahi da.

On Egin Bonuak programan parte hartuko duten produktuak kalitateagatik eta Jatorri Deituren berezko ezaugarriengatik eta ordezkatzen dituzten markengatik nabarmentzen dira. Zehazki, JDko produktu hauek izango dira: Arabako, Bizkaiko eta Getariako Txakolina, Arabako Errioxako Ardoa, Arabako Errioxako Cava Ardoa, Idiazabal Gazta, Euskal Sagardoa, Basque Beer, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa eta Eusko Label produktuak (Behi Haragia, Ibarrako Piparrak, Tomatea, Babarrunak, Letxuga, Oliba Olio Birjina Estra, Baserriko Txerria, Arabako Patata, Gernikako Piperrak, Baserriko Arrautzak, Baserriko Oilaskoa, Esne Bildotsa, Hegaluzea, Hegalaburra, Esnea eta Eztia).

Suspertze eta biziberritze programa hau Eusko Jaurlaritzak berak eta inplikatutako produktuen markek sustatuko dute, pandemiak iraun bitartean galdutako salmenten zati bat berreskuratzeko. Kanpaina, halaber, baliagarria izango da tokiko ekoizleekin lankidetzan aritzen diren txikizkako saltokiek eta zuzeneko salmentako on line kanalek kalitateko tokiko produktuaren sustapena eta kokapena indartu ahal izateko, bai Euskadin, bai gure lurraldetik kanpo.

Ekoizleak, saltokiak eta ostatuak atxikitzeko dinamika

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak gaur goizean aurkeztutako kanpaina hau hainbat fasetan egingo da, eta hasierako atxikipen fase bat beharko du bonuak salgai jarri aurretik.

Ekoizleen, saltokien eta ostatuen atxikimendua

«On Egin» ekimenean parte hartu nahi duten saltoki, establezimendu eta ostatuak www.oneginbonoa.eus webgunean atxiki ahal izango dira gaurtik (martxoak 22) maiatzaren 22ra arte, eta webgune horretan kontsultatu ahal izango dituzte kontsumitzaile guztiek sustapenean parte hartzen duten saltokiak eta ostatuak.

Parte hartzen duten eta aipatutako webgunean izena eman duten saltoki eta ostatuek, aldi berean, kanpainaren irudi identifikatzailea eramango dute, kontsumitzaileari «On egin» bonuari atxikitako lokala dela adierazteko. (* ikus kanpainaren irudia)

Tokiko produktua erostea eta Euskadiko ostatuetan erabiltzeko opari bonua lortzea

Bonuez gozatu nahi duten kontsumitzaileek Euskadiko kalitate bereiziko produktuak erosi beharko dituzte, gutxienez 100 euroko gastua eginda, txikizkako saltokietan, merkataritza elektronikoko atarietan eta Euskadiko lehen sektoreko eta elikagaien sektoreko ekoizleen zuzeneko salmenta puntuetan.

Erosketa egin ondoren, erosketaren fakturari argazkia atera eta www.oneginbonoa.eus webgunera igo beharko dute, eta 50 euroko bonua eskatu. Webgune horretan bertan kontsultatu ahal izango da deskontu bonua erabili nahi den turismo ostatua.  Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu izango ditu gehienez, eta ezingo dira metatu (bonu bat fakturako eta ostatu gau bakoitzeko).

Guztira, 30.000 bonu eskainiko dira, eta horien kaleratzea programari esleitutako aurrekontuaren erabilgarritasunaren baldintzapean egongo da; hala, funts horiek agortu ondoren, programa amaitutzat emango da eta, era berean, ostatu bonu bat lortzeko aukera amaituko da.

On egin kanpainaren epeak

2021eko martxoaren 22a: saltokiek eta hotel establezimenduek programarekin bat egiteko eta webgunean publizitatea egiten joateko epea hasiko da.

2021eko apirilaren 19a: egun horretatik aurrera egiten diren erosketak promozioan sartuko dira. Markako edota JD produktuen erosketetan gastatutako 100 euroko faktura bakoitzeko, 50 euroko ostatu bonu bat lortu ahal izango da www.oneginbonoa.eus webgunearen bidez.

2021eko maiatzaren 22a: saltokiek eta hotel establezimenduek bat egiteko epea amaituko da.

2021eko ekainaren 1a: bonuak baliatzeko epea hasiko da.

2021eko abenduaren 31: bonuak lortzeko epea amaituko da, data hori baino lehen agortu ez badira.

2022ko abenduaren 31: bonuak baliatzeko epea amaituko da.

Ostatu bonuak sustatzeko eta kaleratzeko kanpainan soilik 30.000 ostatu bonu egongo dira, bonu bakoitzaren balioa 50 eurokoa izanik.

Bonu bakarra emango da produktuetan egindako erosketen 100 euroko faktura bakoitzeko.