Txikipedia, haur eta gazteentzat 3.000 artikulu baino gehiago biltzen dituen app-a

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Txikipedia aplikazioa sortu dute, haur eta gazteei zuzendutako wikipedia. CodeSyntax-ek garatu du aplikazioa. Hiru urte daramatza martxan Txikipediaren webguneak baina aplikazioa eratu eta epe ertainean 8 eta 12 urte arteko ikasleentzako tresna pedagogiko garrantzitsua izatea lortu nahi da.

Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin den aurkezpenean parte hartu dute Hizkuntza Politikoko sailburuorde Miren Dobaranek, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Galder Gonzalez Larrañagak eta CodeSyntax-eko Luistxo Fernadezek.

Hiru erakundeen arteko lankidetzatik jaio da gaur aurkeztu den app-a. Txikipedia haur eta gaztetxoentzat baliabide interesgarria da, beraien egunerokoan sortzen diren galderei erantzuten laguntzen duena. Gurasoei ere laguntzen die, bereziki prestatutako materiala biltzen duelako eta etxeko lanetan laguntzen duelako.

Martxoan app-a ezagutzera eman eta bultzatzeko kanpaina berezi bat jarri da martxan. Txikipedia hazten ari den proiektua da, eta gero eta eskola gehiagotan ari dira artikuluak sortzen klaseko ariketa gisa. Dagoeneko 3.000 artikuluen muga gainditu du, haur eta gaztetxoentzat sortutako 3.000 eduki, horietako asko ikasleek eurek sortuak.

Txikipediak egunero 1.500 ikustaldi ditu bataz beste, 553.000 azken urtean. Aurreko urtean, 2019an, 355.000 izan ziren, egunean 968. Hau da, %55 igo da ikustaldi kopurua urte batean. Igoeraren arrazoien artean daude gero eta jende gehiagok Txikipedia ezagutzea eta gero eta eduki gehiago izatea.

Txikipedia interneten (txikipedia.eus) edo aplikazio erara android eta ios-erako jaisteko moduan ere badago.

Euskarazko Wikipedia

Euskarazko Wikipediatik sortutako egitasmoa da Txikipedia. Euskarazko Wikipediak berak ere hazten jarraitzen du. 372.000 artikulu ditu. Existitzen diren 320 wikipedien artean, 32. postuan dago artikulu kopuruari dagokionez. Europako hainbat hizkuntza ofizialen gainetik dago artikulu kopuruan, tartean greziera, daniera edo estoniera baino hobeto.

Euskarazko Wikipediak erakunde eta agente desberdinen lankidetza behar du eta ezinbestekoa izan da hezkuntza sektorearekin izandakoa. Ikasleek behar dituzten 2.000 gai identifikatu ziren eta gai horiek jorratzen jarri ziran unibertsitateko ikasle, irakasle eta wikilariak. Artikuluen edukia bikoiztu baino gehiago egin da proiektua hasi zenetik (%138). Unibertsitateko ikasleek, tarte honetan, bost milioi hitz gehitu dizkiote euskarazko Wikipediari eta ehunka Txikipediako artikulu sortu dituzte jada.

Pandemia garaian argi ikusi zen euskarazko edukiak bilatzeko on-line erreferentziak beharrezkoak direla eta iazko martxotik aurtengo otsailera 129 milioi orrialde zerbitzatu dira euskaraz, aurreko urtean baino %34 gehiago.

Hezkuntza Ataria

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen lankidetzatik aurten, irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituen Hezkuntza Ataria ere sortu da.  Lehen eta Bigarren Hezkuntzan Wikipedia erabilita egin daitezkeen ariketa sorta handia biltzen du, baliabide pedagogikoekin eta bideo tutorialekin. Momentuz garatze eta osatze bidean dagoen ataria da baina etorkizunean hezkuntzan elkarlanak egiteko baliabide nagusia izatea du helburutzat.