Garamendik transferentziekin “zorrotzak” izango direla ohartarazi dio Espainiako Gobernuari

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak Espainiako Gobernuari ohartarazi dio oso garrantzitsua dela transferitzeke dauden eta bi aldeek adostutako egutegian jasota dauden gaien transferentziak ixtea. Olatz Garamendik esan du “zorrotzak” izango direla erreklamazio horretan eta gaineratu du transferentziak gauzatzen ez diren bitartean ezin dela egoera berri batez hitz egin. Bere ustez, hori “transferentziak Euskadiren esku daudenean baino ez da gertatuko”.

ETB1eko ‘Egun On, Euskadi’ saioan egindako elkarrizketa batean, Garamendik gogorarazi du kronogramak Euskadira transferitu beharreko gaiak zehazten dituela, eta gai horiek Gernikako Estatutuan jasota daudela, duela 41 urte onartu baitzen. “Estatutua lege organikoa dela gogoratu behar da eta, beraz, bete beharrekoa da”, gaineratu du. Transferentzien lehen blokea gauzatzeko epea betetzeko denbora gutxi falta dela onartu ostean, transferentziak ondo ixtea dela garrantzitsuena zehaztu du. “Egutegian data batzuk ezartzen dira, eta lehen blokea gauzatzeko epeak aurrera doaz eta denbora gutxi geratzen da. Dena den, ez naiz datekin tematuko, uste baitut garrantzitsuago dela transferentziak ondo egitea, epeak zorrotz betetzea baino”, azpimarratu du.

Zenbait eskumenen transferentzien negoziazioa aurreratuta dagoela berretsi du, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeen kudeaketa. “Hau askoz aurreratuago” dagoela eta “aste batzuk barru” Euskadira iritsiko dela argitu du. Espetxeen transferentziari dagokionez, kartzelen antolaketaren, funtzionamenduaren eta erregimenaren eskumena Euskadiren esku egongo den arren, Estatuko legedia aplikatzen jarraituko dutela esan du, eta espetxe politika Espainiako Estatuari dagokiola gaineratu du.

Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentziaren atzerapenari dagokionez, Sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela gai hori Euskadiko DSBEarekin “ezkontzea”, eta transferentzia horren “konplexutasun teknikoa” aipatu du. Nolanahi ere, ez du kudeaketa gomendiorik onartuko, transferentzia itxi bitartean egiten ari den bezala, eta transferentzia “integral” baten alde egin du. Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu Sailburuak gai honen negoziazioan parte hartzeari buruz galdetu diotenean, Garamendik azaldu du transferentziak negoziatzea bere Sailari dagokiola, baina azpimarratu du garrantzitsua dela “sektoreetako sailek elkarrizketetan parte hartzea, azkenean beraiek izango baitira eskumena beren gain hartu eta garatuko dutenak”.

Iñigo Urkullu lehendakariak oposizioko alderdiekin egin duen bilera sortaren harira, Garamendik ekimena defendatu du, bilera horiek “zubiak eraikitzeko” eta konfiantza handitzen laguntzen dute balizko akordio puntualak lortze aldera. “Edozein gairi buruz alderdi politiko guztiekin hitz egiteko ateak zabalik ditugu”, adierazi du Sailburuak, bilera horik propaganda direlakoan alderdi batzuek lehendakariari egindako salaketak errefusatu ostean. “EH Bilduk gauza bat eta kontrakoa esaten du, eta bi kasuetan arrazoia izan nahi du. Eta hori ez da posible. Haiekin ez elkartzea kritikatzen digute, eta gero lehendakari haiekin biltzen denean, itxura emateko egiten duela leporatzen diote. Zein da egia?, esan du. Garamendik gaineratu duenez, lehendakariak eta sailburuek astero erantzuten diete Eusko Legebiltzarrean talde politikoen kontrol galdera andanari.

Enplegu publikoa Euskal Administrazioak enplegu publikoan duen behin-behinekotasuna ere aipatu du Garamendik elkarrizketan zehar. Euskadiko langile publikoen bitartekotasuna “konpondu beharreko” gaia dela onartu ostean, buru-belarri lanean ari dela azpimarratu du, gai horri “konponbidea bilatzea oso garrantzitsua” dela uste baitu. Horren harira, Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro berria duela bi aste berarekin izandako bileran jarrera onarekin ikusi zuela azpimarratu du. “Gai hau ministroaren agendan jartzea lortu dugu”, adierazi du Sailburuak.

Ildo horretan, eta Jaurlaritzak egindako Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuaren aurka Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegian helegitea jartzeko aukeraren aurrean, Sailburuak esan du ministroari “denon artean beste irtenbide batzuk bilatzeko” eskatu ziola. “Funtzionarioak kontsolidatzeko bideak aurkitzeko aukera izan dezagun”. Bere ustez, lege honek ahalmen handia du, nahiz eta azkenean xedapen hori bertan behera utzi, kidegoak eta eskalak ordenatzea ahalbidetuko baitu. “Horrekin, legealdi honetan Lan Eskaintza Publikoak onartu eta bideratu ahal izango dugu eta ondorioz behin-behinekotasuna murriztu eta enplegu publikoa kontsolidatu ahalko da”, gaineratu du.