Azpeitian haur eta gazteen eta pantailen arteko harremanaren inguruko saioak eskaini dira

0

Otsaila eta martxoa artean, Lehen Hezkuntzako haurren gurasoei zuzendutako hainbat saio antolatu dituzte udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean. Saioak, denon egunerokoan gero eta presenteago dauden pantailen inguruko lanketa desberdinak landu dira.

Haur, gazte eta nerabeek gero eta gehiago erabiltzen dituzte pantailak. Ordenagailuak, tabletak zein mugikorrak gaztetxoen egunerokoaren parte bilakatu dira. Azken urteotan nabarmen egin du erabilerak gora txikienen artean. Horretaz guraso askok dituzten kezkak eta zalantzak argitzeko iazko udaberrirako hainbat saio antolatu zituzten herriko ikastetxe eta udalak. Konfinamenduaren ondorioz, ordea, bertan behera gelditu ziren asmo guztiak.

Egoera horrek berak, konfinamenduak, pantailen erabilera areagotu egin du, eta asmoari berriro heldu eta hiru saio ezberdin eskaini zaizkie otsailaren bukaera eta martxoan herriko ikastetxeetako gurasoei. Osasun protokoloak betetzeko, saioak ikastetxeka eskaini dira; hiru saio ezberdin guztira. Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako haurren gurasoei zuzenduriko saioak eskaini dira.

Azken urteotan handitzen ari den kezka, azken hilabeteotan biderkatu egin dela nabaritu dugu itxialdiarekin. Horregatik, gurasoei pantaila eta teknologia berrien inguruko saioen bidez formazioa eta egoerei aurre egiteko baliabideak eskaintzea izan da helburua”, adierazi du Leire Goenaga hezkuntza zinegotziak. Saio guztietara guraso asko animatu dira, eta gustura da harrerarekin. Aurre begira, gaia lantzen jarraitzeko konpromisoa ere agertu du.

Hiru saio interesgarri

Luis Legorburu psikologoa Teknologia berriak: dibertsioa ala babesleku? lemapean, pantailek sortzen duten menpekotasunaren inguruan, pantailen erabilerak gabezia emozionalekin duten lotura eta aldaketarako estrategiez aritu da bere saioetan.

Hazkunde osasun mentalaren arretarako zentroko kideek Orain inoiz baino gehiago, gure seme alaba pantaila aurrean bizi al da? hitzaldian, IKT-en erabilera Covid garaian, erabilera egokiak sustatzeko gomendioak, bideojokoak eta sare sozialak izan dituzte hizpide.

Eta, Arremanitz elkarteak pornoaren inguruan aritu dira, besteak beste, Nire seme-alabak pornoa ikusten al du? Nola hitz egin gaiaren inguruan? Zein jarrera hartu? Zein baliabide eta estrategia erabili ditzaket? saioetan.