Kontsumobidek elektrizitate-zerbitzuen merkaturatzean praktika irregularrak detektatu ditu

0

Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuak jardute irregularrak detektatu ditu elektrizitate-zerbitzuen merkaturatzean, saltoki-gune ezberdinetako establezimendutan jarritako stand batzuetan. Stand horiek hirugarren enpresa batek kudeatzen ditu.

Elektrizitate-konpainia baten izenean jarduten duten saltzaileek egindako balizko iruzur bat salatzeko dei ezberdinak jaso ostean, Kontsumobidek ikuskaritza-jarduketa bat abiatu zuen eta legeak establezimenduz kanpo eginiko salmentei ezartzen dien kontsumitzailea babesteko betebeharrari loturiko irregulartasunak detektatu ahal izan zituen.

Ondoko praktikak detektatu ziren, hain zuzen ere:

  • Saltzaileek 30 €-ko eta 50 €-ko opari txartelak eskaintzen zituzten, praktika hori hartu duen merkataritza-kateko establezimenduetan gastatzeko, kontratazio bat egitearen edo kontratua aldatzearen truke.

  • Kontratua lekuan bertan sinatzen zutenek edo, elektrizitate-konpainia horren bezero zirenen kasuan, kontratuz aldatu zirenek tableta txiki batean sinatzen zuten, kontratuaren baldintzak ikusi gabe. Hilean 5,95 euroko kostua duen elektrizitate-babeseko etxeko aseguru baterako harpidetza zekarren sinadura horrek.

  • Ez zen informatzen atzera egiteko eskubidearen inguruan.

  • Ez zen betetzen kontratu aurreko informazioari dagokionez indarrean dagoen legedia.

Bestalde, susmoa dugu jardunbide horien xedea erregulatutako kontratuak merkatu askeko kontratu bilakatzea izan zitekeela, dagoeneko Iberdrolako bezeroak zirenen kasuan.

Kontsumoko Euskal Institutuak ofizioz hasi ditu dagokion ekintzak kontsumitzaileen eskubideak hausten ei dituzten establezimenduz kanpoko merkataritza-jardunbide horiek ikertu eta, hala badagokio, berehala geldiarazteko. Halaber, zehapenak jartzeko aukera ere aztertuko da.

Kontsumobidek gogoratu nahi du establezimenduz kanpoko salmentetan atzera egiteko eskubidea bermatu beharra dagoela; hau da, kontsumitzaileak 14 egun naturaleko epea dauka iritziz aldatzeko. Horrenbestez, egoki baderitzote eskubide horren betetzea eskatzeko gonbitea egin nahi die salmenta irregular hauen objektu izan diren pertsonei. Eskubide hori errespetatzen ez dela ikusiz gero, Kontsumobidera jo dezakete erreklamazio edo salaketa bat jartzera.

Azkenik, hornikuntza-kontratu mota hauek aldi baterako standetan ez sinatzeko eta, halaber, jaso duten eskaintzaren eta, nola ez, sinatu duten horren idatzizko kopia bat eskatzeko gomendioa egin nahi diegu kontsumitzaileei.