Zibersegurtasun, digitalizazio eta ekintzailetzarako laguntzak eta nazioartekotze bekak eskatzeko epeak

0

Euskal enpresa txiki eta ertainek martxoaren 19tik aurrera eskatu ahal izango dituzte zibersegurtasun industrialeko eta digitalizazioko programetako laguntzak, startup teknologiko eta berritzaileek hilaren 31tik aurrera eskatu ahal izango dituzte ekintzailetza programakoak, eta gazteek martxoaren 26tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte nazioartekotzeko 125 BEINT bekak.  Programa horiek Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren “Oso ETEzaleak gara” laguntza-programaren barruan kokatzen dira (SPRI Taldearen bitartez).

Laguntzei buruzko jardunaldi telematikoen ostean (zeintzuetan 1.300 enpresak azalpenak jaso zituzten eskaintzen diren 68 laguntzei buruz, eta 5.000tik gora enpresak azalpen horiek ikusi dituzten SPRI Taldearen kanalaren bitartez), enpresak eta beste erakunde batzuk ere jardunaldiak eskatzen eta antolatzen ari dira helburu berarekin, besteak beste hauek: Metalaren Bizkaiko Federazioa, Elikaduraren Klusterra, Elkargi, Innobasque, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea (DEBEGESA), Debagoieneko Garapen Agentzia, SEA Arabako Enpresak, Euskadiko Ekipamendu, Zur eta Diseinu Klusterra (HABIC), Basque Health Cluster, e.a.

Urteko lehen hilabeteetan Euskadiko I+G-ko jarduera babesteko deialdiak egin ondoren Hazitek eta Elkartek programen bitartez (131,3 milioi euro), SPRI Taldeak hilaren 19an irekiko du Zibersegurtasun Industriala (2,5 milioi euroko zuzkidura) eta enpresak digitalizatzeko Industria Digitala laguntza-programetarako (3,6 milioi euroko aurrekontua) eskaerak aurkezteko epea.

Era berean, unibertsitateko goi-mailako gradu titulua duten eta ingelesa menperatzen duten 30 urtetik beherako pertsonek aukera izango dute 125 Beint beketatik bat eskuratzeko martxoaren 26tik aurrera. Beka horien bitartez kanpo-merkataritzaren arloko nazioarteko esperientzia lortuko dute atzerrian praktikak eginaz eta lan-mundurako sarbidea segurtatu ahal izango dute. Programa honek 5 milioi euroko aurrekontua du.

Azkenik, ekintzaileek Ekintzaile programaren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte (3,1 milioi euro), BIC-Business Innovation Center-en bitartez startup teknologiko eta berritzaile berriak martxan jartzeko eta euren heltze-prozesuak babesteko.