Mendizaletasuna erronka Azpeitian

0
Herriko lau ikastetxeek eta Lagun Ona Mendi Bazkunak, Azpeitiko Udalaren babesarekin ‘Inguruko tontor eta txokoak’ egitasmoa bultzatuko dute, inguruko tontor eta txokoak gazteenen artean ezagutarazteko. Hilabetero gailur eta txoko desberdinak zehaztuko dira eta erronka osatzen dutenen artean zein parte hartzera animatzen diren mendizale gaztetxoen artean opariak zozkatuko dituzte.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren 75. urteurrenaren baitan, herriko gazteenen artean mendizaletasune eta aisialdi osasuntsua bultzatu asmoz sortu da ‘Inguruko tontor eta txokoak’ ekimena. Helburu desberdinak ditu, baina ekimena bera oso simplea da: Herriko txoko eta tontor desberdinetara joateko erronkari heldu eta bertan argazkiak ateratzea.

Mendiz inguratutako herria da Azpeitia, baina inguruko mendi eta parajeak gero eta gutxiago ezagutzen dituzte herritarrek. Gabezia horri erantzun eta konfinamenduak haur eta gazteengan eragindako kalteei aurre egin asmoz sortu da Lagun Onak, herriko lau ikastetxe eta udalaren arteko elkarlana. Izan ere, konfinamenduak lehenik, eta eskola kirola egiteko debekuak ondoren, ikasleen osasunean eragin nabarmena izan duela uste dute antolatzaileek.

Ekimena, apirilean hasiko da eta urrira arte luzatuko da; Lagun Onak Mendi Bazkunak botako die erronka hilero herriko gaztetxo eta familiei. Hilabete bakoitzean hiru edo lau lekutara joanez ingurua ezagutzea izango da erronka. Erronka osatutzat emateko hilero bi edo hiru gailur egin beharko dituzte gaztetxoek, eta bertan ateratako argazkiak Lagun Onakek bere webgunean atondutako txokora igo beharko dituzte. Erronka osatu edo gailurren bat egiten dutenen artean Betaneko dendetan erabiltzeko 30€ko bonoak zozkatuko dira.

Ikastetxeetan, berriz, hainbat ekintza desberdin antolatuko dira herriko gailur eta txoko horiek ezagutu eta erronka osatzen laguntzeko: irteerak antolatu, kokapena landu, parte hartzea bultzatu….