8,9 milioi euroko gastua Bilboko Txurdinaga auzoan 72 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak 8,89 milioi euroko gastua baimendu du 2021etik 2024ra arteko aldirako, Bilboko Txurdinaga auzoan 72 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko. Horren helburua da Bizkaiko hiriburuko etxebizitza-beharrei erantzutea.

Zuzkidura-bizitokiak (AZB) batez ere gazteentzat izango dira, emantzipazioa bultzatzeko xedearekin. Bilbon erroldatuta eta Etxebiden aldi baterako alokairuko erregimenean alta emanda dauden pertsonen eskura jarriko dira AZBak, gehienez ere bost urtez. Maizterrek hileko kanon bat ordainduko dute, haien diru-sarrera haztatuen % 30 gainditu gabe.

Soraluze-Placencia de las Armaseko Udalarekin hitzarmena

Gobernu Kontseiluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Soraluze-Placencia de las Armaseko Udalaren arteko hitzarmena onartu du, udalerriak Txurrukako 2.692 m2-ko lurzati bat doan lagatzeko. Bertan dagoen eraikina Eusko Jaurlaritzak eraitsiko du urbanizazio-lanak egiteko eta alokairuko babes sozialeko hogeita hamar etxebizitza inguru eraikitzeko. Sailak horietako lau utziko dizkio Gipuzkoako udalerriko udalari, eta udal erakundeak erabiliko du beheko solairua.