Eusko Jaurlaritzak herritarren zerbitzura dagoen teknologiari buruzko jardunaldi praktikoak antolatu ditu asteazken eta ostegun honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Administrazio publikoaren esparruko proiektuak, ezagutzak, esperientziak eta zerbitzuak partekatzeko. Jardunaldiak on-line formatuan egingo dira eta administrazio publikoen arteko harremanak sustatu eta ahalbidetu nahi dituzte.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak antolatutako administrazioen arteko jardunaldiak asteazken eta ostegunean egingo dira, goiz eta eguerdian. Inaugurazio jardunaldirako administrazio publikoan gaur egungo eta etorkizuneko zerbitzu teknologikoak berrerabiltzeari buruzko hainbat hitzaldi programatu dira, hala nola, ‘Nire Karpeta’ egoitza elektronikoa euskal administrazio publiko osorako, Euskadiko Liburutegi Zerbitzua, ‘Nire ordainketa’ ordainketa-pasabidea edo Euskadiko administrazioen elkarreragingarritasun eta segurtasun nodoa (NISAE).
Osteguneko egitaraua praktikoagoa izango da. Izan ere, goraka ari diren teknologiei buruzko tailerrak egingo dira eta bertan nazio, foru eta toki administrazioetako eta erakunde eta organismoetako 250 arduradun eta adituk hartuko dute parte. Zehazki, berrogeita hamar udalerrietako 73 ordezkarik eman dute izena, hiru Foru Aldundietako 31k, Eusko Jaurlaritzako eta bere erakunde, ente eta sozietateetako 95ek, Nafarroako Gobernuko eta sozietate publikoetako 19k, eta, azkenik, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arloko enpresa pribatuetako 30ek.
Tailerrek ‘Adimen artifizialak euskaraz hitz egiten du’ gisako esperientziak partekatzeko balioko dute. EJIEko kide Oscar Guadillak azaldu eta dinamizatuko du tailer hau. Zibersegurtasunari buruzkoa, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Miguel Hernandezek; ‘Quantum Computing’ deritzana, Bizkaiko Foru Aldundiko Valentin Garcia Soutok azalduko du; eta, azkenik, ‘Datuaren Gobernuaren ibilbide-orriari’ buruzko tailerra Nafarroako Gobernuko Guzman Garmendia Perezek gidatuko du.
Jardunaldiak asteazken goizean inauguratuko dituzte Polentzi Urkijo Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordeak eta Xabier Arrieta Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Telekomunikazio Zuzendariak. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak hitzalditxo batekin agurtuko ditu jardunaldiak etzi.
Lehen aldia da Jaurlaritzak IKTen berrikuntza eta administrazioen arteko lankidetza sustatzeko gisa honetako jardunaldiak antolatzen duena. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailak Eudel udalerrien elkartearen, Foru Aldundien eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza izan du ekimena aurrera atera ahal izateko. Ekimenak etorkizunean jarraitzeko asmoa du, urtero, betiere erakunde eta administrazio guztiekin sinergiak ezartzeko asmoari eutsita, hau da, ezagutzak zabaldu administrazio publikoetako eguneroko jardueretan eta lehendik badiren edo etorkizunean etorriko diren zerbitzuak partekatu eta aplikatu.
Horretarako, jardunaldi hauek urteko topagune gisa diseinatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta jarraipena izango dute urte osoan zehar Beriain Foroaren bidez (kolektibo horrek aurreko legealditik biltzen ditu Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko IKTen arduradunak, hiru foru aldundietakoak eta lau hiriburuetako udaletakoak), bai eta euskadi.eus/tekgunea webgunearen bidez ere. Web honek berrerabilera publikorako software zerrenda bat jasotzen du eta aldi berean zerbitzu eta teknologiei buruzko ezagutza partekatu eta administrazioen artean harremanak ahalbidetuko ditu. Azken finean, maila anitzeko lankidetza gobernantza moduko bat sustatu nahi da, honek eraginkortasun eta efikazia handiagoa ekarriko baitu administrazioen kudeaketan.
Aste honetako Tekgunea jardunaldiak aurrerantzean urtero egin asmo diren topaketen lehen harria izatea nahi dute antolatzaileek, eta pandemiak aukera ematen duenean topaketa presentzialak egitea aurreikusten dute.