Iñaki Barredo Ardanza Ekonomia eta Plangintza Zuzendari eta Jose Antonio Varela Alonso Kohesio Politika eta Europako Funtsen Zuzendari izendatu ditu Gobernu Kontseiluak

0

Gaurko Gobernu Kontseiluak Iñaki Barredo Ardanza izendatu du Ekonomia eta Plangintza zuzendari, eta Jose Antonio Varela Alonso Europako Kohesio Politika eta Funtsen zuzendari. Bi zuzendaritzak Europako Ekonomia eta Funtsen Sailburuordetzan sartuko dira.

Izendapen honekin, Iñaki Barredo Ardanzak aro berri bati ekingo dio administrazio publikoan, sektore pribatuan eta irakaskuntzan ibilbide luzea egin ondoren. Barredo ekonomialari espezializatua da berrikuntzaren, garapen ekonomiko industrialaren eta ingurumenaren arloko politika publikoak zehazten, diseinatzen, ezartzen eta ebaluatzen.

Haren ibilbide profesionaleko mugarri nagusien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko euskal politikari egindako ekarpena, eta EAEko ingurumeneko esparru-planak egin eta jarraitzen eta hainbat hiritako plan estrategikoak lantzen emandako laguntza. Era berean, hainbat erakunde publikorentzat irizpen ugari egin ditu ekonomia eta enpresa-berrikuntza sustatzeko programa publikoen analisiarekin eta ebaluazioarekin lotuta.

Ekonomiako lizentziaduna da EHUn (Ekonomia Kuantitatiboa espezialitatea). Gainera, Ekonomia Publikoan diplomatua ere bada eta Pennsylvaniako Unibertsitatean masterra du.

Bestalde, José Antonio Varela Alonso, Europako Funtsen zuzendari berria, Ekonomia eta Ogasun Saileko Eskualde Politikaren arduradun izan da azken hogeita hamar urteetan, 1992tik, zerbitzuburu gisa. Zehazki, Europar Batasunaren Eskualde eta Kohesioa Politika Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeaz arduratu da, baita Barneko Eskualde Politikarako tresnak konfiguratzeaz eta abian jartzeaz ere (Izartu programa).

Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen UPV-EHUn, eta Ogasun eta Finantza Publikoetan masterra egin zuen unibertsitate horretan. Varela Alonso etengabe aritu da Eusko Jaurlaritzan zerbitzu profesionalak ematen 1984 ezkero, bere administrazio orokorreko Ekonomisten Goi Mailako Kidegoaren barruan.

Barneko eskualde-politikaren arloan esleitutako eskumenen artean, hura planifikatzeko, garatzeko eta kudeatzeko arduradun teknikoa ere izan da.

Gainera, lurralde-mailako hainbat azterlan sozioekonomikoren arduradun teknikoa izan da, eta azterlan horiek berekin ekarri dute tokiko garapen integralari laguntzeko tresnak formulatzea eta hedatzea. Bereziki, bi Izartu programez (2001-2005 eta 2004-2008) ari gara.